Elkarretaratzea Intxaurrondoko geltoki berrian (Argazkia: Kattalin Miner)
Langileak kezkatuta daude Metro Donostialdea izen aldaketarekin enpresa bitan banatuko ote den
Intxaurrondoko Euskotrenen geltoki berria abian jarri zen atzo. Geltokiaren parean, ordea,
Topoa Euskotren da lelopean, Euskotreneko Batzorde Iraunkorraren izenean, garraio enpresako langile batzuek elkarretaratzea egin zuten.
Orain arte Euskotren izan den eta Topo bezala ezagutua denak, Metro Donostialdea izena hartu du. Aldaketa honekin langileak eta batzorde iraunkorra arduratuta daude, batik bat honek Euskotrenen bikoizketa ekar dezakeelako.
Txema Negro Batzorde iraunkorreko kideak azaldu duenez, «enpresa zatikatzen ari da». Hasteko, marka edo izen aldaketak zuzendaritza egitura berriak sortzea dakar, eta horrek, Negroren esanetan, «enpresa bikoizten du ezinbestean». Azken batean, Metro Donostialdea Euskotrenetik aterako ote diren beldur dira langileak. Argi dute izen aldaketa ez dela irudi kontua bakarrik eta horrela esan du Negrok; «ez dirudi aldaketa soil bat, honen atzean irudiaren erabilera bat dago».
Bi milioi euro
Batzorde iraunkorrak ez du ulertzen nola gastatu ahal izan dituzten bi milioi euro izen aldaketa horretan. Horren inguruan, Negrok inork ez diela ezer azaldu esan du. Gainera, jakin nahi dute zein den izen aldaketaren arrazoia, zeren, beraien ustetan, ez bada Euskotren enpresaren bikoizketa edo banaketarik egongo, «sekulako erokeria» da bi milioi euro horretan gastatzea, «soilik marka batentzat», gaineratu du Negrok.
Euskotrenen egungo egoeraz ere aritu da batzordeko kidea, eta diru kopuru horrekin egungo enpresan hobekuntzak egin zitezkeela esan du. Esaterako, geltokietako egoeraz kexatu da eta hobetu zitekeela adierazi du; «ez dago pertsonalik, dena makina bitartez egiten da», esan du Negrok. Batzordeak argi dauka, eta hala adierazi du elkarretaratzean bertan banatutako eskuorri batzuetan; «Euskotrenek, egun, ez du bezeroarentzako arreta zerbitzu planik. Geltokien egoera penagarria da eta arreta zerbitzuan dagoen giza baliabide eta baliabide ekonomiko falta ez dator bat oraindik birtuala den enpresa baten sorrerarekin», irakur zitekeen eskuorrietan.
Beraz, eskaera argiak egin dituzte: batetik, Euskotren eta Metro Donostialdearen arteko bikoizketarik ez egitea eskatu dute; bestetik, diru publikoa era arduratsu batean erabiltzea. Azkenik, Euskotrenen aldeko apustua egiteko eskatu diote Garraio Sailari, enpresa hau izateko Garraio Publikoaren Operadore Publiko bakarra eta erabatekoa.
«Erosoa eta puntuala da»
Erabiltzaileek atzo estreinatu zuten geltoki berria. Gainera, atzo eta gaur Intxaurrondoko geltokirako txartelak doan izango dira, eta horrek ere jendea animatu zuen ibilbide berria probatzera.
Bizilagunak orokorrean pozik daude geltoki berriarekin, gehienek bat egiten dute auzoa hobe komunikatuta egongo den ideiarekin. Gainera erabiliko ote duten galdetuta, gehiengoak uste du erabilera emango diola.
Esaterako, Uxua Hernandez intxaurrondotarrak argi zuen berak gehiegi ez duela erabiliko, baina eskola zein unibertsitatean dituen semeentzako ezin hobeto datorkiola. Gainera, ibilbideari buruz galdetuta, oso pozik azaldu zen; «erosoa eta puntuala da», adierazi zuen. Gainera, «oraingoz behintzat oso garbi dago», gaineratu zuen.
Orain arte autobusa erabili du Isidro Martinek, baina hemendik aurrera probatu ostean, asko erabiliko du trena; «bazen garaia», esan zuen. Hori bai, kezkatuta daude bera eta Florencia Martin erretiratuen txartelaren salneurriarekin, garesti izango ote den.
Gasco: «Ez da egia gobernuak Metroaren inguruko informaziorik ez duela»
Udal gobernuak Euskotrenen lanen inguruko informazioa ezkutatzen ari zela salatu zuen atzo. Gainera, Ernesto Gasco (PSE), udal zinegotzi ere badenak, Eusko Jaurlaritzan duen postua azpiegitura hori ezartzeko baliatzen duela kritikatu zuen. Gascok salaketa horri erantzuna eman eta informaziorik ez dutela gezurra dela esan du; «ez da egia gobernuak Metroaren inguruko informaziorik ez duela» esanez.
Gaineratu zuen, Bilduk denbora gehiegi tardatu duela lanen inguruko batzorderako izendapenak egiten, Gascoren esanetan «utzikeria hutsagatik». «Gainera, udaleko beste taldeekin batera laneak ikustera gonbidatuak izan ziren eta ez zuten etorri nahi izan» esan zuen. Azkenik, esan zuen ezin zuela Bilduk garraiobideen hobetzearen aurka duen jarrera ulertu.