Aurreko diskoan baino erritmo biziagoekin itzuli da Xabi San Sebastian
Antiguako abeslariak ‘Erraiak’ izeneko hirugarren lana kaleratu du, bere bandarekin batera
Diskoa
«Aurtengo denboraldia estreinatzeko, nola ez, disko eder bat; Xabi San Sebastian eta bere taldearen Erraiak. Ibilbide sendoa jorratu du azken hamarkadan; musikari bikaina da eta konposatzaile hobea. Guzti hori, bere diskoetan eta kontzertuetan agertzen du». Musikari antiguatarren hirugarren lana hitz horiekin aurkeztu zuen Elkarreko Angel Valdesek. «Bere kantuentzako oreka berezi bat aurkitu duela dirudi, bere banda iraunkorrarekin. Aurreko diskoa, Ospela, oso ederra zen, eta mezu intimoak zituen; oraingoan, lehen entzunaldian sartzen diren kantuak egin ditu. Banda sendo bat eta proiektu garrantzitsu bat daukagu», gehitu zuen Valdesek. Rock and roll doinuz betetako diskoa osatu duela esan zuen San Sebastianek berak, baina azken aldian maiz entzun duen Afrikako musikaren eragin handia duela. «Denbora askoan nire buruan egon ostean, banuen gogoa diskoa osatua ikusteko. Talde disko bat da, rock and rolla da, baina tribu sentimenduari begira egindakoa. Afrikako pignoen musikan dago egun gureak bezala ikusten ditugun musikak; eta horri gitarra jarrita rock and rolla daukazu, eta nik hori egin dut», azaldu zuen San Sebastianek.
Musikak sortzen dituen barruko sentipen horiek bultzatu nahian, erritmodun abestian sortu ditu San Sebastianek. «Disko honen elementuak sua eta lurra dira; lurrari oso lotua dago eta disko sutsua da. Konposatzerakoan, erritmotik hasi naiz, eta horren gainean gainontzeko gauzak eraiki ditut, gitarra, melodia, armonia, eta azkenik, hitzak… Gainera, hasieratik, kontzertuetan pentsatu dut diskoa egiterakoan». Hala, «errito bat» sortu nahi duela esan du; «Azken finean, kontzertu bat errito bat da. Musika, tribua bildu eta mugiarazteko da, eta horretan pentsatu dut. Kontzertu erritmikoak izango dira, oso indartsuak eta parte hartzaileak».
Lizuna
Diskoaren lizuntasunaren inguruan ere aritu zen San Sebastian. «Disko lizuna da, eta hori izan nahi du. Rock and rolla halakoa da, ez du kristaua izan nahi, lizuna izan nahi du; hitz gehienek desioaren inguruan hitz egiten dute». Alde berean, ironia pixkat bat ere sartu duela onartu zuen aurkezpenean.
Izotz plaza taldeko kantaria izan zen hainbat urtez San Sebastian, eta berriro ere nolabait garai horietako kutsua berreskuratu duela azaldu zuen. «Pixka bat espiritu hura berreskuratu dut, nire egile abeslari senarekin nahastua. Batzuetan sentipena daukat, nire ibilbide estilistikoari itzulia eman diodala guztiz; eta orain bigarrena hasiko dudala».
Soinean zeraman elastikoa Xabi Fano marrazkilariak diseinatu zioela argitu zuen; eta diskoaren atzeko marrazki gorria, Aitor Ruiz de Egino eskultorena dela. «Oso gogoko dut bere lana, eta inspirazio iturri bezala erabili ditut bere eskulturak; bideoklipean ere erabili ditugu. Beste artista batzuekin harremanetan jartzea gogoko dut; ikustea hizkuntza desberdinekin ideia berdinetara begira gaudela».
Txalapartaren laguntzarekin
Taldeko istrumentuei dagokienean, euren berezitasun nagusia txalaparta izango da; normalean rockarekin lotuta entzuten ez den instrumentua baita. «Rock and rolla da, baina kantu pare batetan txalaparta ere sartu dugu, gure aspaldiko sena horrekin lotzeko», argitu zuen San Sebastianek.
Kontuak kontu, argi dute diskoak harrera ona izango duela. «Ziur gaude jendeak diskoa gogoko izango duela», aipatu zuen Elkarreko Valdesek.
- Izenburua. Erraiak.
- Egilea. Xabi San Sebastian eta bere taldea.
- Disko Etxea. Elkar.
- Kontzertuak. Urriak 6 (Bera, Kataku, 22:30); Urriak 11 (Bilbo, Kafe Antzokia, 22:00); Urriak 12 (Tolosa, Bonberenea, 22:30); Urriak 21 (Zizur, Nafarroa Oinez, 17:30); Azaroak 2 (Donostia, Doka, 21:00); Azaroak 3 (Baiona, La Caveau des Augustins, 21:00); Abenduak 2 (Arrigorriaga, Lonbo aretoa).