Heavy musikaz beteko da Larratxoko kultur etxea
Etengabeko Zarata Jaialdiak nazioarteko zazpi talde indartsu batuko ditu
Buenawista Prolleckziom’s eta Donostia Kulturak bultzatutako Etengabeko Zarata Jaialdia hamargarren urtez ospatuko dute. Hasierako urteetako formatu hura murriztu dute, baina hala ere, antolatzaileak pozik daude, heavy musika jaialdia aurten ere egingo dutelako. Beraz, aurten ere jaialdia egun bakarrekoa izango da, eta Larratxoko kultur etxea izango da eszenatokia, bihar, 19:30ean. Sarrerak 10 euro balioko du eta honakoak izango dira taldeak: Diskoiraa, Entropiah, Derrota, Besta, Psychofagist, Massgrave eta Mob 47.
Diskoiraa talde zarauztarra hirugarren aldiz izango da Larratxon. Taldearen denboraldiko azken kontzertua izan daiteke, abeslaria Finlandiara baitoa erizain-lanak egitera. Ahots bereziko HC/Punk kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Entropiah Segoviako taldea da. Euskal Herrian ia jo ez badute ere, 10 urte daramatzate elkarrekin, eta pare bat disko argitaratu dituzte. Derrota Valentziako taldeak, hamar urte daramatza han eta hemen zarata egiten.
Portugaleko taldea da Besta, eta taldekideak esperientziadunak diren arren, duela hilabete gutxi sortu zen. Jaialdiari kolore apur bat emango dion taldea da Psychofagist. Italiako zoroak dira eta musikari bikainak. Kanadatik etorriko da Massgrave, benetako CrustCore infernua. Mob 47 taldeari buruz hitz egitea, HC/Punk europarraren historiari buruz hitz egitea da. 1981. urtetik ari baitira jotzen. Urteak jo gabe igaro ondoren, taldea 2005ean hasi zen berriz kontzertuak ematen, laukote bezala.