Raul Perez, Anquetilen maillotarekin eta liburuarekin (Argazkia: Aritz Sorzabal).
Loiolako Erriberako kazetariak Jacques Anquetili buruzko liburua idatzi du euskaraz; txapeldun handiaren bizipenak jaso ditu. Hontza eta Elkar liburudendetan eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren belodromoko egoitzan eros daiteke, zortzi euroren truke. Bere emailera idatziz gero ere eskura daiteke; rapema24@gmail.com
Raul Perez kazetariak (Loiolako Erribera, 1976) bere lehen liburua argitaratu du; Jacques Anquetil txirrindulari frantziarraren biografia, hain justu. Liburuaren berezitasuna euskaraz idatzita dagoela da, baita idazleak berak argitaratuta dagoela ere, inongo babes ekonomikorik gabe. Kirol arlo gordinari baino, txapeldun handiaren bizipenei arreta berezia eskaini die. Txomin Perurenak eta Luis Otaño txirrindulari ohiek hitzaurrea eta epilogoa egin dute.
Kazetaritzan ibilbide luzea duzu, baina zure lehen liburua da. Nola bururatu zitzaizun Anquetili buruzko biografia idaztea?
Liburu zaharren azokan, Gipuzkoa plazan, Anquetili buruzko liburu bat aurkitu nuen duela sei bat urte. Frantsesez zegoen eta harribitxia iruditu zitzaidan. Sei eurotan erosi nuen. Hortik aurrera, gaiari tiraka hasi nintzen eta Anquetilekin zerikusia zuten beste liburu batzuk erosi nituen, bere bizitza hobeto ezagutzeko. Zaletasunagatik hasi nintzen idazten, txirrindularitza eta idaztea gustuko ditudalako. Pena ematen zidan, behin hasita, idatzitakoa bide erdian uztea; Zoncolanen gora, bide erdian geratzea bezala litzateke. Hortaz, aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Anquetilen garaiko maillot bat duzu. Nola iritsi zen zure eskuetara?
Maillotarena beste kasualitate bat izan zen, Gipuzkoa plazako azokan aurkitutako liburua bezala. Polita iruditu zitzaidan; duela urtebete erosi nuen, Donostako Klasikoa dela eta muntatutako postu batean.
Euskaraz idatzi duzu.
Txirrindularitzari buruz euskaraz idatzitako lan gutxi daude, eta horrek pena handia ematen dit, Euskal Herrian zale asko baitaude. Liburua irakurterraza da, gainera, txirrindularitza zale euskaldun horientzat guztientzat egokia.
Zer aurkituko du irakurleak?
Garai bateko txirrindularitza arloko izarrak ezagutu ditzake, argazki zaharretan ikusi ditugun horiek. Garai bateko mendateak ere topatuko ditu, orduko bizimodua eta entrenatzeko moduak… Irakurlea ohartuko da txirrindularitza azkar aldatu egin dela, baina, aldi berean, gauzak ez direla hainbeste aldatu. Izan ere, garai hartan argitaratu ziren dopinari buruzko lehen albisteak; Anquetil eta Tom Simpson, tarteko.
Eta zure kasuan, zein izan da topatu duzun ezusterik handiena Anquetilen bizitza aztertu eta gero? Zein bitxikeria nabarmenduko zenuke?
Anquetil eta Poulidor oso aurkari gogorrak ziren errepidean, baina gero, errepidetik kanpo, lagun minak ziren; pokerrera eta guzti jokatzen zuten elkarrekin.
Zein txirrindulari aukeratuko zenuke beste biografia bat egiteko?
Ez dut idolorik izan, edozein aukeratuko nuke. Ez naiz izan ez Delgado, ez Lejarreta, ezta Indurainen zalea, baina txirrindularitza gai aproposa iruditzen zait biografiak, nobelak edo pelikulak egiteko. Azken hau badakit zaila dela; estra asko beharko lirateke Tourmaleteko bide bazterrak jendez betetzeko.
Zein izan da irakurri duzun azken liburua?
David Millar txirrindulariaren bizitzari buruzko liburua izan da, baina ez du zerikusirik; dopina du gai nagusi gisa. Kirolari eta kirolariei buruzko liburuak oso gustukoak ditut.
Txirrindularitza zalea zara, baina baita txirrindularia ere. Eguraldi onarekin errepidera irtetzen zara txirrindarekin, inguruko bazterretan barrena ibiltzeko. Zer iruditzen zaizu gogorragoa Jaizkibel igotzea ala liburu hau idatzi izana?
Jaizkibel igotzea gogorragoa egiten zait, ez baitut aparteko gaitasunik. Idazteko, ordea, ez dut arazorik.