Nicolas de Miguel: "Euskara arma politiko moduan erabiltzen dela uste dut"
Europako hiritarra sentitzen da eta oso aurrerakoitzat du bere burua. Bizi eta utzi bizitzen da bere lema, eta gorroto ditu inposaketak. Gipuzkoako UPyDko zerrendaburua izango da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Nicolas de Miguel (Donostia, 1963) Morlansen bizi da eta Osakidetzan egiten du lan. Gipuzkoako UPyDko zerrendaburua izango da datozen hauteskundeetan. Nicolas de Miguel betidanik egon da politikarekin oso lotua. Idaztea gogoko du eta hainbat komunikabidetan aritzen da kolaboratzaile gisa, nazioarteko politikaz betiere. Oso aurrerakoitzat jotzen du bere burua eta Europako hiritar sentitzen da.
Nola hasi zinen politikan?
Betidanik gustatu izan zait, gehienbat nazioarteko politika. Oso pertsona aktiboa naiz, berdintasuna, elkarlana eta giza eskubideen aldeko apustua egin izan dut beti. Ideia hauek defenditzeko, oso gaztetan hasi nintzen politikan, 70. hamarkadaren bukaera aldean. Orduan Ezker Batua alderdian aritu nintzen. Baina beste garai batzuk ziren haiek, eta Madrazoren etorrerarekin alderdia utzi nuen. Urte askoan politikatik aldendua egon naiz, eta ez nuen uste gainera berriro bueltatuko nintzenik, baina, hara, saltsan nabil berriro.
Zergatik UPyD? Zerk erakarri zintuen?
Ia kasualitatez egin nuen bat UPyDrekin. Alderdian afiliatu aurretik eta krisia hasi aurretik ere, ohartua nengoen Espainiako sistema politikoa usteldua zegoela. Gustuko nituen Fernando Savater eta Vargas Llosaren idazkiak, eta haiek irakurriz egin nuen bat UPyD alderdiarekin. Egia esan, alderdi politiko batekin guztiz ados egotea ia ezinezkoa da, baina UPyDren proiektua gustatu zitzaidan eta hemen nago.
Zergatik diozu sistema politikoa usteldua dagoela?
Nire ustez, oso kalitate gutxiko demokrazia daukagu. Ez gaituzte pertsona egokienak edo hoberenak gidatzen, sistemara errezen moldatzen direnak baizik. Munduko klase politikorik txarrena daukagu Espainian. Politikariak komodin moduan erabiltzen dira, denetarako balio dutela dirudi, eta hori ez da logikoa. Nola da posible pertsona bat gaur Industria eta Garraio kontseilaria izatea, eta bihar Hezkuntza eta Kultura kontseilaria. Hori hemen bakarrik gertatzen da, ez beste inon. Nire ustez, gaur egungo politikariek ez daukate gizartearentzako lan egiteko berezko bokaziorik. Ez dago adostasunik. Espainia mailako ezaugarri txar guztiak ditugu Euskadin ere, baina askoz ere nabarmenagoak. Ogasuna, adibidez; ez du zentzurik hiru ogasun egoteak, eta gainera elkarren artean harremanik ez izateak. Politika errotik aldatu beharra dagoela uste dut.
Autonomia bakoitzak bere ezaugarri edo ahalmen propioak edukitzea ez da aberasgarria, orduan?
Ez, bateratuta egotea eta elkarlanean aritzea askoz ere egokiagoa dela uste dut. Murriztu daitezkeen bikoizketa ugari daude. Ezertarako balio ez duten erakunde publiko asko ditugu. Funtzionarien kasuan, adibidez, orain badirudi beraiek dutela krisiaren ardura guztia eta hori ez da horrela. Funtzionariak kontrolatu eta beharretara egokitu beharra dago, baina ez deuseztatu. Dirua ez da langile publikoekin xahutzen, nahieran izendatutako karguekin baizik. Egoerari buelta emateko ez da lan gehiago egin behar, hobeto baizik. Hori lortzeko, ordea, ideologia aldaketa sakon bat behar dugu, eta horretarako hezkuntzan dago gakoa. Baina hezkuntza ere bateratua izan behar dela uste dut. Ez da logikoa Gobernua aldatzen den bakoitzean Gobernu berriaren ideiak eta ildoak inposatzea.
Hemengo hezkuntza eta hizkuntza inposaketa bat direla uste duzu?
Euskara arma politiko moduan erabiltzen dela uste dut, eta min handia egin dio hizkuntzari berari. Euskarari ezin zaio bere balioa kendu, baina gaztelera ere euskara bezain gurea da Euskadin. Onartezina da gaztelerak bazterkeria jasatea eta hizkuntza gizartea banatzeko erabiltzea. Hizkuntza guztiak dira herrialde batentzako aberasgarriak, baina logikoa da harremanetarako bakar bat erabiltzea Espainia mailan, kasu honetan gaztelania. Europan gauza bera gertatzen da ingelesarekin. Herrialde bakoitzak bere hizkuntza dauka baina bakar bat erabiltzen dute elkar ulertzeko.
Euskadiren konpetentziek zer garrantzia dute zuretzat?
Ni berdintasunaren aldekoa naiz. Pribilegio guztiak arbuiatzen ditut, eta lurralde batekoa edo bestekoa izateagatik eskubide gehiago izatea bidegabea dela uste dut gainera. Bidegabea eta insolidarioa. Denentzat, Euskadirentzat, Espainiarentzat, Europar Batasuneko herrialde guztientzat batasun fiskala aldarrikatuko nuke nik, sistema federala, berdintasunean oinarritua. Osasuna, Hezkuntza eta Justizia Espainiak bideratu behar ditu, herrialde osoak egoki funtzionatzeko. Horrek ez du esan nahi norbere ñabardurak errespetatu behar ez direnik. Aniztasuna bai, ezberdintasuna eta pribilegioak ez. Ez da posible Aragoiko ume batek eta Euskadiko ume batek gauza ezberdinak ikastea eskolan. Denok balioetan oinarritutako hezkuntza bera jasoko bagenu, hiritarrak izango ginateke, hangoa edo hemengoa izan garrantziarik izan gabe.
Independentzia oihuak, ordea, gero eta ozenago entzuten dira Euskal Herrian eta Katalunian. Zer diozu?
Bizi eta utzi bizitzen, sutsuki defendatzen dudan lema da, eta ez dut inolako inposaketarik onartzen. Norbanakoan eta pentsamendu askean sinesten dut. Beraz, bakoitza nahi duena sentitzeko aske izan behar du, baina independentzia erromantizismo hutsa da. Banaketa guztiak traumatikoak izaten dira. Gainera, Euskadiko ereduak aurrera egitea nahi badugu, guztiok batera egin behar dugu lan, guztiok txalupa berean goaz .
Krisi ekonomikoaz ari zara noski. Nola egingo dio aurre UPyD-k krisiari?
Ez dago formula magikorik, eta luze joango da gainera. Gizartearen berregituraketa bat ezinbestekoa da. Aurrezten ikasi beharra daukagu baina oinarrizko zerbitzuei eutsiz eta, batez ere, zientzian, garapenean eta giza baliabideetan inbertitu beharra dago. Aberastasuna banatzen hasi beharra dago. Ez da bidezkoa bankari batzuk, adibidez, izugarrizko diru pila irabaztea, eta gizartearen ehuneko altu bat lan baldintza eskasetan aritzea. Ongizate estatua bermatu beharra dago. Ezinezkoa da Gobernuaren gestio ekonomiko txarragatik sistema osoa hipotekatzea, eta bideratuta dauden proiektu handiei eutsi beharra dago. Enpresa txiki eta ertainei laguntza ematea ere ezinbestekoa da aurrera egiteko. Baina, zoritxarrez, gaur egun, ez da sormena bultzatzen. Parasitoen kulturan bizi gara, besteen bizkar irabaziak atera eta aurrera. Lehen ere aipatu dut sistema usteldua dagoela, demokrazia batean baino meritokrazia batean bizi gara, eta ondorioak pairatzen hasi gara, noski. Ekonomia produktiboa bultzatu beharra dago, eta ez espekulazioan oinarritutako ekonomia.
ETAren indarkeriarik gabeko lehen hauteskundeak izango dira hauek. UPyDrentzat zerbait aldatu da?
ETA ez da desagertu. Ez dira ETArik gabeko lehen hauteskundeak izango, ETAren mehatxu zuzenik gabeko lehenak baizik. Euskadi da askatasunik gabe bizi izan den herrialde bakarra: diktadura aurrena, eta ETAren idarkeria gero.
Nazka ematen dit ideologia totalitario batek ahotsa izan dezakeela pentsatzeak. ETA orban bat izan da gure historian, eta denbora asko pasa beharko du normaltasun batera heltzeko. Ez dut bihotz minduarekin hitz egiten, buruarekin, baizik. Ezinezkoa da ahaztea, eta ez ahazteko lanean jarraituko dugu gainera.
Zerorrek esana da, Donostiako alkate izateko lehen hautagai homosexuala izango zinatekeela. Nola lantzen da sexualitatea politikan?
Kontestuz ateratako esaldi bat izan zen, baina, egia da, homosexuala naiz eta harro nago. Ez dut sekula nire sexualitatearekin arazorik izan, eta jendaurrean lan egiten dugunok eredu izan behar dugu gainera.
Zergatik eman behar zaio botoa UPyDri?
UPyDk erakusten duelako Euskadin argi guztiak ez daudela oraindik itzalita. Pentsalari askeen aldeko apustua delako, eta Euskadik UPyDren aire garbia behar du.
Taldeak edo tribuak baino, norbanakoak edo hiritarrak du garrantzia guretzat. Ildo horretan, hiritarrengatik, hiritarrentzat eta hiritarrekin egingo dugu lan beti, horixe da gure erronka. Bizi eta utzi bizitzen, guztiok eskubide berdinak ditugula kontuan izanik.
aaltuna@hitza.info