'Irakurri baino lehen irakurtzen', irakurzale eta musikazale txikiak hazteko ekimena
Haur Liburutegi Nagusiak txiki-txikitatik literatura, musika eta artearekiko interesa pizteko bidea irekitzen du.
Irakurtzen eta ikasten ezagutzen dugu elkar; irakurtzen eta ikasten ikasiko dugu dena; hizkiak, zenbakiak, dibertituko zara. Abesti honekin hasten dute Irakurri baino lehen irakurtzen ekimena. Parte Zaharrean, Fermin Kalbeton kaleko Haur Liburutegi Nagusian egiten dute, eta 0-3 urte bitarteko txikiak dira protagonista. Ordu betez euskaraz, gazteleraz eta ingelesez irakurri, abestu eta jolasten dira. Ez dute beraiek irakurtzen noski, baina adi-adi entzuten dute narratzailearen hitza. Doinuaren arabera berehala jakiten dute noiz barre egin, noiz egin txalo edo noiz geratu isil-isilik.
Irakurri baino lehen irakurtzen ekimenaren helburu nagusia haur txikiak literatura, musika eta artearekin lotzea da. Elena Oregi, Haur Liburutegi Nagusiko arduradunaren esanetan, «haurrek irakurketarekin lotura afektiboa izatea lortu behar da, gurasoekin batera etorrita, une goxo baten moduan sentitzen dute, eta zaletasun horrek betirako irauten du».
Beharrez sortua
Ana Molina da Irakurri baino lehen irakurtzen ekimenaren gidarietako bat. Jatorriz mexikarra da, baina urte asko daramatza Donostian. Ama izan zenean ohartu zen ez zegoela 0-3 urte bitarteko txikientzako aukerarik. Haur-eskola edo haurtzaindegira joaten ez ziren haurrek ez zuten beste alternatibarik. Asko bidaiatutakoa da Ana Molina, eta beste herrialde batzuetan ezagutu zuen ideia zabaldu zuen Donostian ere. Mestiza elkarteak lagundu zion bere ideia garatzen. «Oso garrantzitsua da umeek txiki-txikitatik liburutegiak ezagutzea eta erabiltzen ikastea», dio Ana Molinak.
Asteazkenero elkartzen dira, eta bolondres moduan aritzen dira guztiak lanean. Hiru hizkuntzatan jorratzen dira ipuin eta abestiak. Ana Molinaren arabera, «ekimen hau oso garrantzitsua da umeek literatura ezagutzeko, baina baita gurasoak elkartzeko ere. Jatorri eta maila ezberdinetako familia asko elkatzen dira hemen, eta guztiak berdinak dira liburutegiko atea zeharkatu eta lurrean esertzen direnean».
Atzoko saioan, adibidez, Donostiakoak, jatorri ingelesekoak, argentinarrak, guztiek batera abestu zuten Lanroberra po-po-po-po-po. Ana Molinak gidatzen du erderazko saioa. Euskaraz, berriz, Nerea Odriozolak irakurtzen ditu ipuinak. «Donostiako ume bat zaintzen nuenean ezagutu nuen proiektua eta, gaur egun, nire alabarekin, Karlerekin, etortzen naiz. Oso ekimen aberasgarria dela iruditzen zait. Ume txikiek jolastuz egiten dute bat irakurketarekin», adierazi du Nerea Odriozolak. Ingelesez eta alemanez aritzen diren bolondresak ere badituzte. Azken finean, hizkuntzak ez baitio oztoporik jartzen irudimenari.