Nekrogune ekimenaren aurkezpenaren irudia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Teknologia berriekin lotura handia izango dute, eta partaidetza bultzatzea izango da helburu nagusia
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea urriaren 27tik azaroaren 2ra ospatuko dute hirian. Jaialdiaren aurkezpen ofiziala datorren astean egingo dute, eta bertan emango dute aurtengo xehetasunen berri. Hori baino lehen, ordea, Nekrogune egitasmoaren barnean antolatu dituzten ekimenak aurkeztu dituzte. Aurkezpenean izan ziren Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria, Jon Sanchez Gugan elkarteko kidea, eta Josemi Beltran jaialdiaren zuzendaria.
Ekimen bereziak izango dira guztiak ere, eta guztiek helburu bera dute, partaidetza bultzatzea. «Gure birusaz ahalik eta jende gehien kutsatzen saiatuko gara. Zinemaldiko ohiko partaideak direnekin eta ez direnekin ere harreman estuagoa lortu nahi dugu. Teknologia erabiliko dugu eta kalea okupatuko dugu, partaidetza bultzatzeko», azaldu zuen Beltranek.
Nekrobira, jokoak…
Egingo dituzten ekimenen artean, Bost Haurrak jokoa, Nekrobira, Olerki galduaren bila eta Master of doom daude. Gutxi gora-behera azaldu zituzten ekimen guztiak, baina xehetasunetan sartu gabe, onena bertaratu eta parte hartzea izango dela azaldu baitzuten.
Bost Haurrak, errealitate aktiboko jokoa da. Tabakalerak antolatutako Tranxlan lantegi-laborategian parte hartu zuten partaideek egin dute. Istorio berezi bat kontatuko dute, sare sozialen, bideo-jokoen eta ikus-entzunezkoen bidez. Guztia jarraitzeko, urriaren 15etik 23ra
Tranxlan.eu/blog webgunean eta
Facebook.com/BeldurrezkoAstea gunean sartu beharra dago.
Nekrobira, urriaren 27an egingo dute eta
Zonbia ala banpiroa izango du gaitzat. Mozorro tailerra egingo dute Bulebarreko kioskoan, 15:30ean, eta 19:00etan, Intxaurtxiki konpartsaren laguntzarekin, bira hasiko dute Parte Zaharrean zehar. Familien partaidetza bultzatzeko, familien arteko ginkana egingo dute, urriaren 28an, teknologia berriak erabiliz. On line lehiaketa ere egingo dute, Master of Doom izenburupean.