Zorroagako Gaueko Aterpea (Argazkia: Donostiako Udala)
Bertako zerbitzuak hogeita hamabi ohe eskaintzen ditu eta 20:00etatik 9:00ak arte egongo da zabalik
Orain arte, etxerik ez dutenen eta kalean lo egiten dutenentzako Neguko Aterpea zena Gaueko Aterpea izatera igaro da. Lehen, urteko bost hilabete hotzenetan bakarrik irekitzen zuten aterpea, eta orain, gaua bertan igarotzea behar dutenentzat, urte osoan zehar egongo da zabalik.
Udal gobernuak iragarri zuen aldaketa hau egiteko nahia, etaGizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk atzoko agerraldian azaldu zituen aldaketaren nondik norakoak.
Urriaren 1etik jada zabalik dagoen aterpea, 20:00etatik 9:00etara egongo da irekita. Bertan hogeita hamabi pertsonak lo egin ahal izateko lekua dago, eta hara joaten direnenei edari beroa eskainiko zaie; besteak beste, tea, esnea edo salda. Telebista duen egongela bat ere badago bertaratzen direnentzat. Gaueko aterpea izan arren, goizean gosaria izango dute, baita dutxarako aukera ere. Azkenik, aterpearen zerbitzua zehazki, 11 hilabetetan egongo da eskura, udaran hilabete batez ixtea aurreikusten baitute.
Bertan lekua hartzeko, orain arteko sistema erabiltzen jarraituko dutela esan zuen Albizuk. Sistema honen arabera, astelehenetan lehen orduan banatzen dira, aste osoan bertan lo egitea ahalbidetzen duten txartelak.
Iaz, plaza gehiago zeudela adierazi zuen Albizuk; aurten, ordea, oheen artean leku gehiago izatea lehenetsi dute. Hala ere, larrialdietarako edo egoera puntualetarako beste plaza batzuk gordetzen dituzte.
Iaz 6.240 gaualdi
Iaz, azaroaren erdialdetik apirilara bitartean, Neguko Aterpea irekita egon zen 168 gauetan. Horietan 6.240 gaualdi kontatu zituzten. Beraz, horrek okupazio tasa %104,8an jartzen du. Bataz beste, lagun bakoitzak 41 gau egin zituen aterpean.
Hala eta guztiz ere, bada oraindik kalean geratzen denik. Kale Gorrianek egindako inkestek jasotakoaren arabera, iaz 45 pertsona ziren Donostian gauero kalean lo egiten zutenak.
Albizuk krisialdi garaiaz hitz egin zuen, eta batzuek krisiaz gain bizi duten egoeraz. Beraz, aterpearen zerbitzu aldaketa, gizartean egoera okerrenean daudenei arreta emateko pentsatu dela adierazi zuen; «krisiak maila batean edo bestean gizarte osoari eragiten dio, baina ez dugu ahaztu behar berez pertsona batzuk egoera okerragoan daudela, etxerik gabe eta bakarrik», esan zuen.
Otorduak Abegin
Udalak eskaintzen duen beste zerbitzu bat Abegi Etxea da. Hemen 40 plaza daude eta egun ososan zehar egoten da zabalik. Bertan, bestalde, otorduak ere ematen dira; gosaria, bazkaria eta afaria.
Kalean dagoen jendea artatzeko etxe honetan, hiru eguneko egonaldiak egin daitezke. Batzuetan, ordea, egonaldi bereziak egiten dira; erabiltzaileak lana aurkitu bitartean adibidez. Abegi Etxearen okupazio tasa ere ehuneko ehunekoa da.
Azkenik, ate irekien zerbitzua dago, babesgabe dauden pertsonei eskaitzen zaien beste baliabide bat. Albizuk azaldu zuenez, zerbitzu hau eguraldi oso txarra dagoenean zabaltzen da, hau da, muturreko egoeretan; esaterako, zero azpiko tenperaturak daudenean. Baliabide hau ez da urte osokoa, zehazki azaroaren 15etik martxoaren 31 bitartean egongo da. Abegi Etxean edonola, lotarako eta otorduetarako aukeraz gain, Gaueko Aterpean ez dagoen zerbitzu soziala eskaintzen da, bertaratzen diren pertsonak lagundu asmoz.