Urumea ibai-ertza izango dute ikergai (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Jasotako dirua ikerketarako bideratuko dute, eta horretarako gunea 27 poligonoan egongo da
Beste 100 hiriren artean Donostia izan da aukeratua «hiri adimentsua» europear programa aurrera eramateko. Egitasmo hau, Smart Cities egitarauaren barnean sartzen den proiektu bat da eta honek hiriari energiaren eraginkortasuna ikertzeko aukera emango dio, besteak beste. Donostiako Sustapenak Tecnalia eta Accionarekin batera gauzatuko du proiektua.
Programak energia ikuspegitikberritzaile zein jasangarriak diren europar hirien papera bultzatu nahi du. Hori dela eta, Europako Batzarrak hiri adimentsua izateko aukeratu du Donostia.
Hiru hiri, hiru ardatz
Europako egitasmo honetan ikertzeko beste bi hirirekin batera hautatu dute Donostia; Bristol (Britainia Handia) eta Florentzia (Italia). Hiri hauek beste arlo batzuk ikertzeko hautatuak izan dira. Europako proiektu honek, hiru ardatz ikertzea du helburu. Batetik, mobilitateari dagokiona, eta hori Florentziaren esku geratu da. Bestetik, enpresa industrian informazioaren teknologia izango du ardatz Bristolek. Azkenik, Donostiak eraginkortasun energetikoa ikertuko du. Ikerketa hau gauzatzeko aukeratutako gunea Martuteneko 27 poligonoan kokatuko dute, eta ikerketa esparrua Urumea ibai-ertzea izango da.
Ekonomian eragina
Proiektuak oro har 2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa hartzen du baitan, eta horietatik 809.377 euro Donostian ikerkuntzarako bideratuko dituzte.
Ikerketa honek berehalakoan eragin ikuskorrik izango ez badu ere, hiriko ekonomia sustatzeko baliagarria izango dela esan zuen Josu Ruiz zinegotziak. Ikertu ezean, exekuzio planik ezin daitekeela aurrera eraman adierazi zuen Sustapeneko Euken Sesek. Hala nola, lanpostuak zuzenean sortuko ez baditu ere, hirian eragina izango duela iritzi zuen Asier Maiztegi Tecnaliako ordezkariak.