‘Publikoari gorroto’ antzezlana hirian izango da azaroaren 17an eta 18an
Ander Lipusek sortu duen Huts Teatroak taularatuko du obra, Egiako Gazteszenan
Viktoria Eugenia Antzokira etorriko da ‘Soinujolearen semea’: Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuen Tanttaka antzerki taldeak Soinujolearen semea, eta, orain, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian izango da azaroaren 3tik 7ra. Bernardo Atxagak 2003an argitaraturako izen bereko eleberrian oinarritutako lana da. Fernando Bernues donostiarra da zuzendaria, eta euskal aktore ezagunak ditu protagonista: Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez, Mireia Gabilondo, Klara Badiola… Patxo Telleria arduratu da antzerki egokitzapenaz, Iñaki Salvadorrek egin du musika eta Jose Ibarrolak muntatu du eszenografia.
Laster iritsiko da Donostiara Publikoari gorroto antzezlana; azaroaren 17an, hain justu. Artedrama izeneko Arte Eszenikoen Plataformaren barnean, Huts Teatroa sortu du Ander Lipus aktore bizkaitarrak. «Ni naiz Huts Teatroa eta agian ez du jarraipenik izango. Egun kulturak Hego Euskal Herrian duen egoeran oso zaila da talde bat mantentzea. Hori da nire nahia, baina ez da posible. Le Petit Theatrek hori lortzen du, esaterako, baina Frantziako legediari esker langabezia izateko eskubidea dutelako», salatu zuen Lipusek berak atzoko aurkezpenean. Azken batean, Publikoari gorroto Huts Teatroaren aurkezpena izango da, eta Lipusekin batera, beste bi aktore izango dira taula gainean; Miren Tirapu nafarra eta Iñaki Ziarrusta bizkaitarra. Xabier Mendigurenek 1985ean sortutako antzezlanaren egokitzapena da Publikoari gorroto, eta Manex Fuchs da zuzendaria. Etzi ekingo diote birari, Lapurdiko Harri Xurin, eta Euskal Herriko hainbat herritatik igaro ostean –Azpeitia, Usurbil, Ondarroa, Leioa, Zornotza, Zumaia…–, Egiako Gazteszenara iritsiko da lana. Gainera, pertsonaietako bat donostiarra omen da.
Aktore bat eta bi ikusle
Aktore bat (Lipus) eta antzezlana ikustera joan diren bi ikusle (Ziarrusta eta Tirapu) izango dira antzezlaneko protagonistak. Antzerkiaren inguruko hausnarketa jostalari baten moduan hasiko da obra, umorez, baina pixkanaka iluntzen joango da. «Lan polita egin dugu, banaketa lan txukunarekin. Donostian aurkeztea erabaki dugu, antzerkian gabiltzanetik guretzako plaza ona izan delako», zehaztu zuen Lipusek.
Xabier Mendigurenek azaldu zuen Publikoari gorroto idatzi zuen garaian 21 urte zituela. Beraz, orain berriro irakurtzean, urrun ikusten duela garai hura esan zuen; hala ere, oso maitea omen du. «Antzezlan bat idazten duzunean, inoiz taularatua izatea nahi duzu. Idatzi nuenean, Euskaltzaindiaren saria irabazi zuen eta paperean bere bidea egin zuen. Duela bi urte Lipusek deitu zidanean, harridura sentitu nuen hasieran, eta ondoren, poza», azaldu zuen Mendigurenek. Lipusen deia jaso zuenetik, hainbat bilera egin dituzte Mendigurenek eta antzezlaneko arduradunek, eta zati batzuk berridatzi dituzte. «Oso pozik nago eta publikoak gu maitatzea espero dut», azpimarratu zuen Mendigurenek.
Manex Fuchs zuzendariaren esanetan, antzerkiaren inguruko begirada zorrotza eta gaiztoa egiten du antzezlanak. «Bi lagun bakarrik joango dira antzokira, eta amorru horretatik abiatuta, beste obra bat abiatuko du aktoreak», azaldu zuen Fuchsek. Azken batean, aktoreek bezala publikoak ere antzezlan batean bere ardura baduela erakutsi nahi dute. «Ez du aipatzen pertsona baten gaiztakeria, baizik eta gauza zabalago bat», gehitu zuen Fuchsek.