Abesbatzen Astea bihar hasiko da Familia Santuaren parrokian
Amara, Altza, Herrera, Gros eta Ibaetako elizetan doako bost kontzertu izango dira igandea arte
Urteroko ohiturari jarraituz, Abesbatzen Astea antolatu du Donostia Kulturak hirian, bihartik azaroaren 4a bitartean, Tolosako Ekinbide Etxearekin batera. Guztira, doako bost emanaldik osatuko dute egitaraua, Gros, Amara, Ibaeta, Altza eta Herrerako eliza banatan. Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketaren laguntzari esker, donostiarrei musika korala gerturatzea da ekimenaren helburu nagusia.
Bost egun jarraian
Musika erlijiosoa eta herri-musika izango dira osagaiak, gizonen eta emakumeen ahotsek osatutako koroetan. Kontzertuak elizetan izateak badu bere zentzua, hala, kultur etxeetan baino zale gehiago elkartzeko aukera dagoela uste baitute.
Britainia Handiko Apollo 5 abesbatza bihar ariko da zuzenean, 20:00etan, Amarako Familia Santuaren parrokian. Frantziako Quatuor Meliades, berriz, etzi izango da, 19:30ean, Altzako San Martzial parrokian. Letoniako Latvian Voices abesbatzak ostiralean abestuko du, 20:00etan, Herrerako San Luis parrokian. Frantziako Mikrokosmos koroak larunbatean abestuko du, 20:30ean, Groseko Mariaren Bihotza elizan. Azkenik, igandean, 18:00etan, Finlandiako Res Mira abesbatzaren txanda izango da; Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian.