Finalerako txartela lortu du Joxemari Olasagastik
Maila Nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketako azken lehia azaroaren 18an jokatuko dute Arbizun
Joxemari Olasagastik oraindik ere sasoi betean dagoela erakutsi zuen Elizondon (Nafarroa), igandean jokatutako kanporaketan. Hala, beste bost faboritoekin batera, Maila Nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketako finalerako txartela lortu du. Azaroaren 18an izango da aurtengo finala, Arbizun, eta honako aizkolariak ariko dira lehian Olasagastirekin batera; Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz, Nafarroa), Aitzol Atutxa (Dima), Joseba Otaegi (Zizurkil), Iñaki Azurmendi (Beasain) eta Unai Otaño (Ibarra).
Hamabi aizkolari hiru txandatan aritu ziren igandean, eta Floren Nazabal jaun eta jabe izan zen. Argi utzi zuen Etxarrikoak zergatik den Nafarroako txapelduna. Bigarren eta hirugarren postuan, Atutxa eta Otaegi geratu ziren, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak. Aizkolari bakoitzak seina pago-enbor ebaki zituen; bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Olasagastik Mujikarekin izan zuen lehia estuena; Mujika aurretik ibili zen, baina lanerdietan Olasagastik aurrea hartu zuen.
2010ekoa errepikatzeko gogoz
Igeldokoak 2010ean jantzi zuen maila nagusiko txapela, Asteasun, bost urteren ostean. Ziur berriro ere pronostiko guztien aurka helburu bera duela buruan.
Maila Nagusiko Euskadiko Aizkora Txapelketako kanporaketa:
- Floren Nazabal. 15 minutu eta 13 segundo.
- Aitzol Atutxa. 17:34.
- Joseba Otegi. 17:48.
- Iñaki Azurmendi. 18:09.
- Unai Otaño.18:18.
- Joxemari Olasagasti.18:38.
- Jon Rekondo. 19:10.
- Jexuxmari Mujika. 19:12.
- Antonio Senosiain. 20:21
- Luis Txapartegi. 20:48.
- Aitor Senosiain. 21:17.
- Juan Jose Lopez. 22:12.