'Blai eginda'
Jon Odriozola, Kazetaria
Euripean sutan. Horrela amaitu zuen Anoetako nire jarleku inguruan esertzen den realzale batek. Bakarra balitz… Hain zegoen berotuta –nahiz eta eguraldia hezea baino hezeagoa izan– ez zekiela nori errua bota: partidaren ordutegiari, Jupiterri –antzinako Erromako euriaren jainkoa–, eserlekuari –Espanyolek gola sareratu orduko ordura arteko erosotasun guztiak desargertu egin ziren–, jokalariei –aukerak egin arren gol bakar bat ere lortu ez zutelako–, kastari –txuri-urdinek gatzik ba ote duten galdetzen dio bere buruari–, entrenatzaileari –futbol haserrealdi guztietan hutsik egiten ez duten pertsonak– soinean zeraman xirari… Zerrendak, ziur, ez duela amaierarik. Anoetatik, denok, irten ginen goibel. Porrotaren urak, ilusioa, busti-busti eginda utzi zuen. Mareak, Bartzelonara eraman zituen hiru puntuak. Ez zuen hondartzan ezer utzi. Ekaitzak bete-betean harrapatu zituen jokalari zein realzaleak. Denboraldi hasieran, ordea, jokalariak aztertzean, hondarrezko gaztelutzarrak egiteko joera izaten dugu: «honek zerua ukituko du aurten», «baietz besteak 15 gol sartu!»… Eta jardunaldi batzuk jokatu orduko, errealitate gordinarekin egiten dugu topo. Sailkapenarekin. Eta horrek zera dio: hiru garaipen, berdinketa bat, eta sei porrot. Begi-ondoko galanta. Emaitzak aldeko ez direnean urak nahasita jaisten dira. Eta taldeak, oro har, txukun jokatzen badu ere –Kordobako partida ez zen batere ona izan– golik ez lortzeak partida erabat baldintzatzen dio. Eta nola gainera. Larunbatean, Malaga izango du arerio Realak. Eta ondoren, hiru partida jarraian jokatuko ditu etxean: Rayo eta Osasuna (Liga), eta Kordoba (Kopa). Dema uste baino garrantzitsuagoak. Futbola bolada kontua ei da, eta ea txar hau atzean utzi eta ahalik eta arinenen gorantz egiteko gai den taldea. Maila handiko jokalariak ditu, baina futbolean talde kuttunaz gain, beste hemeretzi talde daude. Eta lesioak. Eta txartelak. Lau partida hauetan Realak maila ematen ez badu, ez da ekaitzik faltako etxe txuri-urdinean. Demak txukun gainditzen baditu, gaztelutzarretara itzuliko gara. Ea oraingo honetan, harri sendozkoa eraikitzen dugun.