Elkarretaratzea, Kursaal aurrean (Argazkia: Kattalin Miner)
Krisi egoeran dirua xahutzeari uzteko eskatu du AHT Gelditu plataformak, ez delako gelditzeko berandu
Elkarretaratzea egin zuten atzo, AHT Gelditu plataformak deituta, Kursaal aurrean. Eusko Jaurlaritzak antolatu dituen Abiadura Handiko Trena Gipuzkoan. Aukera eta Garapen ekonomikoa izeneko jardunaldien izaera propagandistikoa salatu nahi izan zuten bertaratutakoek.
Antolatzaileen arabera, 40 bat lagun bildu ziren, 9:00etan deituta zegoen elkarretaratzera, eta hasiera batean Kursaalen sarrera inguruan jarri nahi bazuten ere, Ertzaintzak errepidearen beste aldean jartzeko esan zien. Bertan, Informazioa ala propaganda? AHT gelditu! leloa zeraman pankartari eutsi zioten, beste batzuk informazio orriak banatzen zituzten artean.
«Hiritarrei burla egitea da»
AHT Gelditu Elkarlaneko Mila Elortzak azaldu zuen, jardunaldiak AHTearekin xahututako diru guztia justifikatzeko propaganda kanpaina bat direla; «Patxi Lopezen gobernuaren agintaldiaren amaieran antolatu dituen jardunaldi hauekin, garraio sailak AHTaren eraikuntzara bideratu dituen gastu publiko itzelak zuritu nahi ditu», adierazi zuen.
Gainera, egungo krisi garaian, horrelako gauzekin, gastuekin, aurrera jarraitzea, onartezina dela esan zuen; «hiritarrei burla egitea da», adierazi zuen; «berriro ere Europak mailegu bat eman du proiektuarekin jarraitzeko, eta guk esan nahi dugu ez dugula honen beharrik», esan zuen. Bukatzeko, egungo arazoei begira diezaioten eskatu zien politikariei; «gelditzeko ordua da, eta behingoz benetan ditugun arazoei begiratzen hasteko; behar handia baitago», eskatu zuen.
Azkenik, AHT Gelditu Elkarlanak, «txikizioak» eragindako hainbat kalte gogorarazi nahi izan ditu. Batetik, AHTaren eraikuntzak lurrari erasotzen diotela adierazi zuten. Bestetik, lurraldearen antolaketan desoreka larriak eragiten dituela esan zuten; «azpiegitura erraldoi honek hiriburuen arteko lotura azkarrak baino ez ditu lantzen», adierazi zuten. Azkenik, dituen kostu ekonomiko jasangaitzak gogorarazi zituzten eta, hala nola, lanpostuak sortuko dituela «gezur hutsa» dela esan zuten.
Ertzaintza pankarta hartuta (Argazkia: Kattalin Miner)
Bi identifikatu
Elkarretaratzea une oro Ertzaintzaren begiradapean egin zuten. Hala ere, momentu batean, Kursaaleko teilatutik bi lagunek Zuen ustelkeria, gure krisialdia. AHT-TAV stop! zioen pankarta bat eskegitzea lortu zuten.
Berehala, furgonetetatik Ertzainak atera eta haizeak mugitu zuen pankarta hartu zuten, eta baita bi lagunak identifikatu ere. Ondoren libre utzi zituzten.
Baraualdia
Azkenik hurrengo egun eta hilabetean egingo diren hainbat ekimenetara gonbitea zabaldu nahi izan zuten. Besteak beste, gaur aurreikusita zegoen Mugitu! AHT parodiara, eta baita ere, datorren azaroaren 10etik abenduaren 1era burutuko diren baraualdietan parte hartzera. Egun horietan hitzaldiak ere izango dira.
Ez direla jardunaldi parte hartzaileak salatu du EH Bilduk
DAHT Gipuzkoan jardunaldietan diru publikoa xahutzen ari direla salatu EH Bilduk. Gainera, AHTaren inguruko eztabaida sozialak saihestu dituztela adierazi du; besteak beste, langileen baldintzei buruzko gogoetak, Euskal Herrian jendarteak nahi duen garraio ereduari buruzkoak edo krisi garaian obrak atzeratu behar ez ote diren. Izan ere, AHTaren obrak ez ezik, jardunaldiak ere diru publikoarekin ordaindu dira.
EH Bilduk bestalde, esan du antolakuntzak parte hartzeko oztopoak jarri dituela, izan ere, sarrerak ehun euro balio dituela eta horrek ez duela bermatzen jendearen parte hartzea. Bilduk salatu du hori onartezina dela.