Francisco Maria Escudero: "Jarduerekin bat egin duten guztiek bihotzez egin dute"
Francisco Maria Escudero; Hiriko musika kontserbatorioko zuzendaria
Ehun urte izango lituzte egun Francisco Escuderok, baina duela hamar urte hil zen; Sekulako oinordetza utzi du euskal musikagintzan, eta horren ezagutza zuzena du izen bereko bere semeak, aita zuelako eta musika munduan guztiz murgilduta dagoelako.
Hunkituta bizitzen ari da bere aitaren jaiotzaren mendeurrena Francisco Maria Escudero Eizagirre (Zarautz, 1956). Izan ere, Escudero maisuaren lana goraipatzeko asmoz, hainbat erakundek bat egin dute musikagilea omentzeko, jarduera anitzak antolatuz. Lau seme-alaba izan zituen Francisco Escuderok, eta Francisco Maria izan da aitaren musikarekiko zaletasunaren lekukotza jaso duena. Egun, bere aitaren izena daraman Donostiako Musika Kontserbatorioko zuzendaria da, eta bertan jaso du IRUTXULOKO HITZAren bisita.
Hainbat jardunaldi antolatu dituzue Francisco Escuderoren mendeurrena ospatzeko. Aurkezpenean, ordea, orain arte zure aitak ez duela merezitako garrantzia jaso esan zenuen.
Hori esaten dudan guztietan, kontuz esaten dut. Izan ere, nire aitaren obra guztiak grabatuak daude. Nik ez dut esaten bere obrak interpretatu ez direnik. Hala ere, musikologo guztiek musika horrek duen garrantzia ikusi duten arren, denbora tarte askoan oso gutxitan entzun da bere lana; eta ez dakit zergatik. Urte asko itxaron behar izan dira, bapatean sinfonia bat entzuteko. Batzuetan erakundeetako arduradunek ez dute zabalkuntza horretan lagundu, eta beste batzuetan bai. Adibidez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, kudeatzaile bat edo bestea egon, nire aitaren lana gehiago edo gutxiago sartzen zuten. Beti eskertu beharko diot Euskadiko Orkestra Sinfonikoari nire aitarengatik egindako lana; beti onartu izan dut, baita jende gehiagoren lana ere. Zabalkuntzari dagokionean, ordea, musikari askok ez dutela ahal zuten guztia egin uste dut.
Nola bizitzen ari zara zure aitaren jaiotzaren mendeurrena?
Hunkituta, hunkituta. Asko betetzen nau musikari profesionalak izan gabe maitasunetik lan egin duten pertsonen lanak. Jarduerekin bat egin duten guztiek bihotzez egin dute; eta hori nabaritu egin da. Nire arreba da gehien sufitzen duena, Zaragozan dagoelako. Ni ekitaldi guztietan egoten saiatzen naiz. Nire ama ere oso arduratua dago guztiarekin, baina oso pozik.
Jardueraren batek bereziki hunkitu zaitu?
Zintzo erantzungo dizut. Zarauzko abesbatzaren jarduera guztiak oso hunkigarriak izan dira. Talde amateur batek bultzatu du guztia, eta lanaren eta maitasunaren bidez egin dute guztia. Itziar Larrinagari ere asko eskertu behar diot egindakoa. Sekulako dokumentazio lana egin baitu.
Zu ere zure aitarengatik lanean ari zara, ezta?
Bai, ahal dudan guztia egiten dut, galdera asko egiten baitizkidate. Profesional moduan lan egiten dut, eta nire aita zela alde batera uzten saiatzen naiz. Euskal musikagile moduan lantzen dut.
Nolakoa zen zure aita?
Pertsona arduratsua zen eta oso gertukoa. Nire amak oso ongi ulertzen zuen eta bere bizitzako pertsona gakoetako bat izan zen. Lan asko egiten zuen kontserbatorioko zuzendaritzan, eta lau seme-alaba hezi zituen. Gainera, lanean oporrak zituenean, konposatzeari ekiten zion, ez zituen oporrak hartzen. Berak nahi zuen bizitza egin zuen, bere eginbeharra konposatzea zela uste baitzuen. Etxean, atseden hartzen zuenean, boxeoa, zezenketak eta westernak ikustea zuen gogoko. Horrek bere egunerokotasunetik alde egiten laguntzen zion. Niretzako jenio bat izan zen. Berak ez zuen gidatzen, eta 18 urte bete nituenean, auto bat erosi zidan, bera alde batera eta bestera mugitzeko.
Nola egiten zuen lan?
Partituren azpian kartoi handi batzuk jartzen zituen, eskutako izerdiarekin ez zikintzeko. Askotan, bost edo sei noten zirriborroekin laburtzen zuen orkestra oso batentzako partitura. Berak bakarrik ulertzen zituen zirriborro haiek. Bere lanengatik guztiek esaten dute sekulako kolorea dutela. Erraztasun handia zuen eta bere ikasleak oso gustura egoten ziren bere eskoletan.
Nola definituko zenuke musikari moduan?
Gizatasun handiko pertsona zen, emozio handikoa eta musikari dagokionean teknika handia zuen. Asko ikasi zuen eta musikaren lengoaian asko sakondu zuen. Bereziki, musika egiten zuenean, emozioa eta melodia nabarmentzea zuen gogoko. Bizi zuen garairako artista aurreratua zen, ingurukoekin alderatuta. Nire aita sekula ez zen goi mailako gizartean ibili, eta askok agian bere akats handiena hori izan zela diote. Ez zuen inoren atzetik ibili nahi izaten. Baloratu nahi bazuten, bere musika hor zegoela esaten zuen.
Bere obra guztietatik baten bat nabarmenduko zenuke?
Bere lanaren adarretako bat nabarmenduko nuke; Hari laukotea, Piano kontzertua, Illeta, Zigor opera, Sinfonia sakroa, Bi liderrak eta akordeoi orkestrarako Fantasia Geosinfonikoa, bereziki. Bestetik, berak konposatutako azken obra, perkusiorako Txorimalo izan zen, 1998an. Zergatik? bere ustez denek genuelako uxatu nahi genuen norbait. Obra hori polita eta orijinala da.
Nola jaso zenuten etxean aitarengandik musika zaletasuna?
Guztiei musika ikasketak ematen saiatu zen, baina nik bakarrik bukatu nituen ikasketak. Nire anaia Albertok beti esaten du berak badakiela gure aita musikagile handia zela, baina berak aita moduan oroitzen duela. Pianoa jotzen ikasi nuen, eta nirekin oso zorrotza zen. Asko entseatzeko esaten zidan, eta akatsengatik errita egiten zidan. Bere garaian nahiko pianista ona nintzen, baina beste bide bat hartu nuen, musikologian berezituaz.
Noiz hasi zinen kontserbatorioan lanean?
Oso gaztea nintzen. Prestakuntza ona nuen, eta 23 urte besterik ez nituela irakasle hasi nintzen. Nire aitak beti babes handia jaso zuen nigandik. Kontserbatorioari aitaren izena jarri genion, musikari ona izateaz gain, hezkuntzarekin sekulako konpromisoa izan zuelako.
Zer falta da egiteko zure aitaren omenez?
Dagoeneko egin dira bere musikaren inguruko gogoetak eta jardunaldiak, baina alde teknikoagotik landuko nuke. Adibidez, mintegi bat, Francisco Escuderok konposatzeko zuen moduaren inguruan. Nolakoa zen bere lengoaia armonikoa, zer aztertu zuen intrumentuen lengoaiaren inguruan… orokorrean hitz egin izan da, baina ez berak irakasle bezala lantzen zuenaren inguruan. Zain nago etorkizunean nire aitak armoniaren eta konposizioaren inguruan egindako idatziak argitaratzeko.
Zure seme bat musika ikasketak egiten ari da, ezta?
Bai, Davidek biolina jotzen du. Musikenen ikasketak bukatu zituen, eta orain Bruselako goi mailako ikastegi batean dago. Abenduan, aitaren hainbat obra joko ditu. Horietako bat, Musikeneko orkestrarekin joko duen Sinfonia sakroa da.