Hitzen bidezko indarkeriak ere min egiten duela azalduko dute
Antzezlana
‘Hitzak’ antzezlana taularatuko du Hika Teatroak Antzoki Zaharrean, bihartik igandera bitartean
Indarkeria fisikoaz gain, hitzen bidezko indarkeria ere existitzen dela argi azaleratuko du Hika Teatroak. Hitzak antzezlana estreinatuko dute bost aktorek Donostian, eta horixe izango du oinarri, hitzen bidezko indarkeria, eta horrek sortutako mina eta ondorioak. Bihartik igandera hartuko dute Antzoki Zaharreko eszenatokia, publikoarengana iristeko asmoz. «Hitz mingarri eta iraingarriak entzungo ditugu antzezlanean», zehaztu zuen Agurtzane Intxaurraga zuzendari eta aktoreak atzo egindako aurkezpenean. Intxaurragak berak duela urte gutxi bizitako gertaera baten harira sortu du antzezlana: «Gertuko bikote batean ikusi nuen gizonak hitz txarrak esan zizkiola emakumeari, eta emakumez isilik geratu zela. Isiltasun horrek pentsarazi egin zidan. Min batetik sortutako antzezlana da».
Familia baten istorioa da Hitzak, senar-emaztea eta euren haurra. Emakumea, Mari, hirutan banatua egongo da, eta hiru aktorek interpretatuko dute, horietako bi donostiarrak. Iraganeko Mari, Ane Pikaza izango da; orainaldikoa, Ainhoa Aierbe; eta etorkizunekoa, Klara Badiola. Gizona beti aktore berak interpretatuko du, Jabi Barandiaranek. Gizonak hitzen bidezko tratu txarrak jasoaraziko dizkio emazteari; eta denboran barrena, hitz horiek emakumearengan eragin handia izango dute. «Hitzontzia izatetik isiltasunera igaroko da», argitu zuen Intxaurragak.
Hasierako Mari, gaztea, maiteminduta dago. «Nire pertsonaiak bere maitasun istorioa bizi du, hasiera politekoa. Maitasun hori oso betegarria da beretzako, eta gakoa da hain kateatua zergatik geratzen den argitzeko», aipatu zuen Ane Pikazak. Mari helduagoa, orainaldikoa, arazoaz konturatzen da. «Hitz iraingarriak entzuten ditu, baina entzungor egiten du. Ametsak errealitate bihurtzen saiatzen da, baina bikotean inkomunikazioa dagoela ohartzen da eta isiltzea erabakitzen du. Gatazka handi batean bizi da», azaldu zuen Ainhoa Aierbek. Azkenik, Mari heldua, aurreko bi Mariek bizitakoa ezagutzen duena, erotua dago. «Beste biek kontatzen duten guztia ezagutzen dut. Hausnarketa baten moduko zerbait egiten ari naiz, eta galderak egiten dizkiot nire buruari, irtenbide bila», argitu zuen Klara Badiolak.
Gizona ere biktima bat da Intxaurragaren ustez: «Gizona bera ere gizarte matxistaren biktima da. Bere aitak bere amari eskainitako bizi bera eskaini nahi dio emazteari. Baina bere bikotearen ilusioak entzutea ahazten zaio». Jabi Barandiaranek ere bere pertsonaiaz hitz egin zuen aurkezpenean: «Frustrazioa da bere jarreraren arrazoia. Bere familiatik jasotako egiturak ez dio balio eta mundua gainera erortzen zaio».
Haurrak amestu egiten du
Bikotearen haurra, panpin batekin irudikatuko dute. Haur horrek ere sufritu egiten du, eta izar iheskorrei bere ametsak betetzeko eskatzen die; indarkeria bukatzea.
- Zer. Hika Teatro taldearen Hitzak antzezlana.
- Aktoreak. Agurtzane Intxaurraga, Klara Badiola, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza eta Jabi Barandiaran.
- Zuzendaria. Agurtzane Intxaurraga.
- Noiz. Bihartik igandera; 20:00etan.
- Non. Antzoki Zaharrean.
- Sarreren prezioa. 15 eta 18 euro.