Joxemari Olasagasti: "Egindako lanarekin oso gustura nago"
Maila Nagusiko Euskal Herriko Aizkora Txapelketan bigarren postua lortu du Igeldokoak
Joxemari Olasagastik Bigarren postua lortu zuen igandean, Arbizun jokatutako Maila Nagusiko Euskal Herriko Aizkora Txapelketan (40:47). «Egindako lanarekin oso gustura nago. Garbi esan behar bada, ongi prestatua nengoen. Bigarren geratzea ez nuen espero, baina hirugarren geratuko nintzela seguru nengoan. Nire barruan podiumean sartzea nuen», adierazi dio Igeldokokoak Irutxuloko Hitzari. Txapelduna Etxarri Aranazko Floren Nazabal izan zen; 39 minutu eta 13 segundoko denborarekin. Hirugarren postuan, berriz, Beasaingo Iñaki Azurmendi geratu zen (42:10).
Lortutakoarekin guztiz pozik dagoela onartu du Olasagastik. «Azkenean, bigarren geratu nintzen, eta oso pozik nago. Lan ona egin nuen eta oso gustura geratu naiz». Enborrei dagokienez, ordea, badu kexa txiki bat. «Egurrak gogorrak ziren eta zikinak. Florenek bazuen abantaila txiki bat, bazekielako egurrak nolakoak ziren; bazekien zein material aurkeztuko zuten». Egindako denborarekin ere gustura geratu zen. «Florenek marka ona egin zuen, baina normala da daukan sasoiarekin. Nik daukadan adinarekin nirea egin nuen».
Arbizun bildutako giroa nabarmendu du Igeldokoak. «Jende asko bildu zen, eta aspaldian egon den girorik onena izan genuen». Ospakizuna, betiko moduan, lagun artean egin zuela dio. «Galdu edo irabazi, beti nire lagunak aldamenean izaten ditut. Kuadrilla ederra bildu ginen, 25-30 ingurukoa, eta sagardotegi batean bazkari ederra egin genuen».
Apustua luzatu du
Apustuzalea da izatez Joxemari Olasagasti, eta orain, aurkari baten zain dago, apustu berri bati aurre egiteko. «Joan den ostiralean bota nuen apustua. Badakit ongi prestatua nagoela eta nahi duenari eman diot aizkoran aritzeko aukera; ez dut inor baztertzen», azaldu du aizkolariak. Apusturako, materialaren erdia jarri nahi du Olasagastik, eta beste erdia aurkariak jartzea. «Ona izango litzateke norbaitek apustua hartzea. Txapelketak bakarrik ez, apustuak ere egin behar dira». Bien bitartean, prestatzen eta erakustaldietan parte hartzen jarraituko du.