'Sms'
Jon Odriozola, Kazetaria
Hasteko, ordutegia ere arerio izan zen hein batean. Lanetik irten, bokata hartu eta Anoetara. Eta horrez gain, euria. Ez zuen bakerik eman. Ederki gozatua zuen bazterrak bustitzen. Hala eta guztiz ere jende asko bildu zen harmailetan. Hori da hori Realak duen ondare bikaina! Zale guztiek asmo berbera zuten; «lortuko dugu!!!»; «aurrera egingo dugu Kopan!».
Partidaren azken txanpan lagun baten sms-a jaso nuen. Ordurako dena erabakita zegoen. Bera ere partida zuzenean ikusten ari zen. Auskalo non, baina Anoetan zen. Mindua zegoen. Oso. «Lotsagarria iruditzen zait jokalari hauen jarrera», idatzi zidan. Iritzi ezberdinak genituenez, mezu pare bat trukatu genituen. Nire iritziz Realak, nahiko txukun jokatu zuen, halere, kanporaketa oso baldintzatua etorri zen joaneko begi-ondokotik: 2-0. Horrez gain, Kordoba talde ona da; sareratu zituen bi golak, adibide.
Etxeratu orduko, beste lagun batek beste sms bat bidali zidan: «Aita zergatik gara realzaleak?», galdera helarazi zidan erdi txantxetan, erdi serio. «Nolatan ez zara Real Madril edo Bartzelonako jarraitzaile? Horiek beti irabazten baitute…», erantzun nion nik. Otordu txiki bat egin, eta goibel oheratu nintzen.
Realari Espainiako Kopako ipuinak oso laburrak egiten zaizkio azken urteotan. Hasi orduko amaitzen dira. Ia ez dago zer kontaturik. Beraz, beste urtebetez, amaierara heldu da. Hau da, hala bazan edo ez bazan….
Tokitan geratzen da Zaragozan lorturiko Kopa. Azken urteotan, maizegi, inbidiaz begiratzen dugu. Edota zer esanik ez, kanporaketa mundialak jokatu ondoren, Madrilen, Bartzelonaren aurka galduriko finala. Kopan, atzera begira bizi gara. Egunen batean tortikoliak jota geratuko gara.
Badator asteburua. Etxean hiru partida jokatu ostean, txuri-urdinak Mestallara joango dira. Iaz, Mallorcan Kopatik kanporatuak izan ostean, Valentzian jokatu zuen Ligako partida Realak, eta 0-1 irabazi zuen. Ez dago garaipena bezalakorik Kopako lepoko eta tripako minak uxatzeko. Botika aparta. Nork du errezeta? Entrenatzaileak? Jokalariek? Erantzuna, larunbatean.