‘Euskaraz bizi’ egunean, martxoan, egindako manifestazioa. (Argazkia: EHE)
Manifestazioa egingo dute bihar, Kontseiluak deituta; 17:00etan irtengo da Anoeta estadiotik
Bihar euskaraz bizitzearen nahia aldarrikatuko duen manifestazioa egingo dute. Martxa 17:00etan irtengo da Anoeta estadiotik, eta Bulebarrean amaituko da.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak agerraldia egin zuen atzo, manifestaziora azken aldiz deitu, xehetasunak eman eta egindako kanpaina baloratzeko: «Larunbatean, euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz», esan zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Manifestaziora deitzeko kanpainaren balorazio positiboa egin zuen Bilbaok. Azpimarratu zuen, kanpainak izaera oso soziala eta hurbila izan duela; «ikusi ahal izan dugu, herri askotan herritarrek beraiek egin dituztela ekimenak manifestazioa sustatzeko», adierazi zuen.
Azkenik, sare sozialak euskaraz bizitzeko nahiaz betetzera dei egin zuen. Bestalde, manifestaziora joateko garraio publikoa erabiltzeko gomendatu zuen.