Viktoria Eugeniak altzariak ditu salgai
Euro bat balio du sarrerak eta etzi arte egongo dira aukeran; ilara luzeak izan dira lehen egunean
Viktoria Eugenia antzokira sartzeko ilara luzea zegoen gaur goizean. Batek pentsa zezakeen antzerkiren bat edo ikuskizunen bat ikusteko egiten zutela bertakoek ilara. Ez zen, ordea, gaur goizean antzezlanik aurreikusten.
Barrura sartuta, behin antzoki zaharra apaintzen eta dotoretzen zuten altzariak zeuden ikusgai sarreran eta lehen solairuan. Ikusgai ez ezik, salgai ere badaude, eta jendeak ezer galdu nahian, urduri jotzen zuen hara eta hona. Maria Kristina hotelean egin zuten moduan, antzokia berritu zutenean ere, gorde egin zituzten hainbat altzari. Bihar eta etzi artean, salgai egongo dira Viktoria Eugenian, euro baten truke ikusteko aukerarekin.
Antzoki batek, urteetan gordetako altxorrak topatu nahi zituzten askok gaur, edo hura edo bestea behin eseri zen besaulki hori. Baina, egia esan, antzokiak urteetan gorde dituenak, ehundaka aulki eta eserleku, hainbat lanpara eta altzariren bat izan dira. Antzokietan egon ohi diren gauzak, alegia.
Denetik, prezio guztietan
Hainbat gauza txiki, lanpara edo apaingarri prezio eskuragarrietan zeuden, nahiz denetik zegoen. Tapiz gorriek oraindik distira mantentzen dute 100 euro balio zuten besaulki zaharretan.
Kolore bereko kortinek dotorezia erakusten zuten. Batek ez daki etxeko egongelan ondoegi geratuko zaizkion, baina ikusteko modukoak direla ez du inor dudarik egiten. Gainera, 210 eurogatik eskuratu ditzake batek.
Goiko solairuan, beste hainbat aulki zeuden pilatuta. Andre batek, hankak sendo ote zituen ziurtatzen zuen bitartean, gizon batek bertako arduradunari lau eramango zituela azaldu dio.
Bakoitzak 70 euro balio ditu. Beste aldean, bi mutil kontuak egiten ari ziren, 350 euro balio duen lau eserlekuko besaulkia hartuta, zenbat aulki erosi ahal izango zituzten jakiteko.
Dena ez da altzaria, ordea. Aurrera jarraituta, behin aktore, abeslari edo izar maitatuak argiztatu zituzten fokoak daude salgai. Hauek ere, 25 eurotik 60 bitartean. Ilarak aurrera egin du goizean zehar eta jendeak ikusteko eta erosteko interesa duela argi geratu da.