1512ko Nafarroako konkista gogoraraziko dute San Telmon
Museoaren elizan ‘Jançu Janto’ ikuskizuna taularatuko dute bihar; Morrasen koadro berezi bat izango da ikusgai
Amaiurren Nafarroaren konkista gertatu zenetik 500 urte bete dira aurten. Hori dela eta, hainbat ekimen izan dira Euskal Herri osoan, baita Donostian ere. Urtea bukatu aurretik, Jançu Janto ikuskizunak San Telmo Museoa hartuko du. Zehazki, bihar izango da ikuskizuna, 20:00etan, museoaren elizan, Sarrerak 12 euroko prezioa izango du, eta museoko bazkideek bi euroko deskontua izango dute. Gainera, ikuskizunean, Xabier Morras margolari nafarrak sortutako Batalla de Amaiur koadroa lehen aldiz ikusteko aukera egongo da. Koadroa bukatu gabe dago; eta egilearen hitzetan beste hiruzpalau urte beharko ditu bukatzeko.
Raul Medinabeitia ikuskizunaren managerra da, eta bere esanetan, ikuskizuna ez dago publiko zehatz bati zuzendua. «Artearen bidez ikuslengana iristen saiatuko gara», aipatu zuen managerrak. Jançu Janto XVI. mendeko abesti anonimo bat da. Hortik abiatuta, musika, dramaturgia, eta ahotsaren bitartez une historiko hori gogorarazi nahi dute, era pedagogiko eta dibulgatzaile batean.