Diego Besne: "Halako gauzak egiteko norbaitek zirikatu behar nau"
Diego Besne; Marrazkilaria
Groseko Diego Besne irabazlea izan da Kutxa Kultur Komikia II. Lehiaketan; 128 lanen artean, onena berea dela erabaki dute epaileek.
Diego Besnek betidanik izan du gogoko marraztea, baina orain gutxitan hartzen du horretarako tartea. Pisando charcos lanari esker irabazi du komiki lehiaketa, eta oso pozik dago, ez baitzuen espero. Lehiaketako lan sarituekin erakusketa zabalduko dute gaur, Kutxa Boulevard aretoan. Gainera, liburu batean ere bildu dituzte lan horiek, eta doan eskuratzeko aukera egongo da, erakusketan bertan. Besnek lan prozesu guztiaren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Iaz bezala aurten ere lehiaketan parte hartzea erabaki zenuen, zergatik?
Iazko esperientzia oso gustuko izan nuen, eta aurten oso argi nuen berriro aurkeztuko nintzela. Espero ez nuena irabaztea zen, ezta gutxiago ere. Lehiaketak urte askoan irautea espero dut, eta parte hartzen jarraituko dut.
Antolakuntzak bi gai eman zizkizuen. Zein izan da jarraitu duzun prozesua?
Bai, antolakuntzak bi gai eman zituen eta autore bakoitzak bere egokitzapena egin behar zuen. Aurten, iaz bezala, lagun batek egin dit testuaren egokitzapena. Iban da nire laguna eta ni baino askoz hobea da gidoigintzan. Azkenean, nik egiten dudana marrazkiak dira, gidoia biñetetan txertatu dut. Banuen halako erronka bat ere antolatzaile batzuekin, biñeta guztiak orri berean sartzeko esan baitzidaten. Iaz guztia askoz ilunagoa zen, azken ukituak ordenagailuan egin nituen, eta aurten, zuzenean jatorrizko marrazkiak paperean egin ditut. Erakusketan jarriak dauden lau orri horiek dira jatorrizkoak.
Asko kostatu zitzaizun komikia osatzea?
Astebeteko lan gogorra izan zen. Gogorra izan zen, sorkuntza lanean pixka bat sufritzen da, baina aldi berean, oso dibertigarria da. Halako lan bat bukatzean izaten duzun poza sekulakoa da, ordaindutako beste edozein lanekin lortu dezakezuna baino handiagoa.
Zein da kontatu duzun istorioa?
Bere aitaren enpresa eskuratzen duen gizon bat da istorioko protagonista. Horri esker asko haztea lortzen du, baina bere barrenean ez dago batere pozik daraman bizitzarekin. Beraz, bere jatorrietara eta bere benetako pasiora itzultzea erabakitzen du, marrazkietara eta bizitza askoz soilago bat izatera. Hori da istorioaren gakoa.
Zer suposatzen du halako lehiaketa bat irabazteak?
Sari ekonomikoa oso ongi datorkit, baina hortik haratago, zure lana gogoko izan dutela jakitea sekulako poza da. Gainera, aurten, maila handiko epaileak egon dira. Nik nire akatsak zeintzuk diren dakit, eta nire marrazteko era ez da batere akademikoa, baina nik gogoko dut.
Diseinatzaile grafikoa zara. Zure lanean marrazten duzu?
Ez, webguneak diseinatzen ditut. Betidanik izan dut gogoko marraztea, baina lanaren egunerokoan sartzen zarenean, ez duzu halakoetarako nahi adina denbora izaten. Halako gauzak egiteko norbaitek zirikatu behar nau.
Kutxa Kultur Komikia
Erakusketa
- Zer. Kutxa Kultur Komikia II. Lehiaketako lan sarituen erakusketa.
- Non. Kutxa Boulevard erakusketa aretoko beheko solairuan.
- Noiz. Gaurtik urtarrilaren 6ra.
- Ordutegia. 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
- Sarrera. Doan.
- Zer. Kutxa Kultur Komikia II. Lehiaketako sarituen lanekin osatutako liburua.