Santo Tomas eguneko azokan 200 postutik gora jarriko dituzte
Egitarau osoa Donostia Kulturaren webgunean dago zintzilikatuta.
Hamahiru urteren ostean, herri kirolak festara ekarri dituzte berriro
Santo Tomas eguneko egitaraua aurkeztu zuten atzo. Kultura ordezkari Nerea Txapartegik abenduaren 21erako prestatu dituzten ekimen, postu eta egitasmoak azaldu zituen.
Aurten 200 postu baina gehiagotan jarriko dituzte. Gogorarazi zuen, bertan, txistorraz gain, hainbat produktuz gozatzeko aukera izango dela; «txorizoa, taloak, gazta, esnekiak, eztia eta ogia izango dira salgai», esan zuen.
Berrikuntzen artean, herri kirolak aipatu zituen Txapartegik. Izan ere, hamahiru urtean Santo Tomas azoka herri kirolik gabe ospatu ostean, berriro egongo dira ikusgai ostiralean.
Trinitate plazan, 13:30tik aurrera, Jon Rekondo eta Felix Etxeberria aizkolariak arituko dira eta ondoren Iparraldeko jokoak egingo ditu Andde Arbenoizek.
Abereak ikusgai
Tomaxi txerria ere «prest» dagoela azaldu zuen Txapartegik. Arro baserriko animaliak egun 325 kilo pisatzen ditu eta ostiralerako 360 kiloko pisua izatea espero dutela.
Hala ere, azpimarratu nahi izan zuen beste hainbat abere egongo direla ikusgai. Esaterako, ahuntz nanoak, basurdeak, astoak, ardiak, poneyak, mantsoak edo zezen txikiak egongo dira bertan.
Bestalde, Okendo plazan, egun osoan zehar, Basatxerri euskal txerriaren produktuen salmentarako postu berezi bat jarriko dute.
Lehiaketa eta tailerrak
Egunean zehar hainbat lehiaketa antolatu dituzte. Horien artean, txorimalo lehiaketa egingo dute Okendo plazan, fruitu eta barazkiena Konstituzio plazan, eztiarena San Juan kalean eta ohiko txistorra lehiaketa Gipuzkoa plazan.
Bestalde, haurrentzat Zure baratza balkoian tailerra antolatu dute. Izena emateko, abenduaren 20a arteko epean dute, donostiakofestak@donostia.org helbidera emaila bidalita.
Festa jasangarriagoak
Azkenik Txapartegik azpimarratu zuen festa jasangarriagoa egiteko asmoz, edalontzi berrerabilgarriak, olioa betetzeko bidoiak eta edukiontzi kopurua handituko dituztela. Bestalde, ehun komun kimiko jarriko dituzte hirian zehar. Azkenik, baserritar jantzia eramateko deia egin zuen zinegotziak, baita garraio publikoa erabiltzekoa ere.