Maiatzean iritsiko da laugarren Olatu Talka jaialdia
Olatutalka.eu webguneko inprimaki bat bete beharko da proposamenak aurkezteko. Martxoaren amaiera aldera aurkeztuko dute programazioa.
Donostia erre eta suntsitu zeneko bigarren mendeurrena aurten beteko denez, hori oroitzeko antolatutako programazioaren parte izango da Olatu Talka.
“Energia sozial eta kulturalaren” jaialdi amateurrak kultur eragile profesionalen “eskarmentua eta gaitasuna” bilatuko du kasu batzuetan, “helburua lortzearren”. Hau da, profesionalen eta amateurren arteko lankidetza sustatuko dute zenbait kasutan.
Iaz bezala, aurten ere Donostiatik kanpo egingo dira zenbait jarduera. 200 ekintzatik gora egin ziren joan den urtean, eta 2.500 parte hartzaile “aktibo” eduki zituen Olatu Talkak. “Aurrerantzean ere gizakion sortzeko energia eta partekatzeko gaitasuna ikusarazteko plataforma izatea eta zeregin hori indartzea” da jaialdiaren helburua.
Donostia 2016 Bulegoak antolatutako jaialdirako proposamenak egiteko epea zabalik da
Donostia 2016 Bulegoak Olatu Talka berri bat egingo dutela plazaratu du. Laugarren ekitaldia izango da, eta maiatzean egingo dute, 24tik 26ra. Proposamenak helarazteko epea gaur ireki dute, eta otsailaren 15a bitartean egongo da zabalik.