'Noticias de Gipuzkoa'-ko langileek lau eguneko greba hasi dute
Enpresak 21 langile kaleratzeko asmoa du
Noticias de Gipuzkoa egunkariko langileek greba hasi dute gaur. Enpresak duela hilabete aurkeztutako lana erregulatzeko espedientearen baldintzak duinagoak izatea nahi dute, eta lau eguneko grebari ekin diote. Gaur, astelehenean, asteartean eta asteazkenean ez dira lanera joango.
Enpresak 55 beharginetatik 21 kaleratzeko asmoa du, egoera ekonomikoa “itogarria” dela argudiatuta. Langileak negoziatzen saiatzen ari dira, kaleratzeak murrizteko eta langabezian geratuko diren langileak indemnizazio duina izateko.
Langileek azaldu dutenez 2011 bukaeran hasi ziren lehen kaleratzeak. Ondoren, 2012 hasieran soldatak murriztu zituzten, proiektuaren biziraupena arriskuan zegoela-eta: “Horrekin ez zen nahikoa izan, eta 2012. urtea uste baino gogorragoa izaten ari zenez, ekainean aldi baterako lana erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak. Lanorduen %30 gutxiago egin dugu lan ordutik”.