Loiolako Erriberako lursail bat zazpi milioi euroren truke salduko dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Loiolako Erriberan kokatutako lursail baten %88,7425 Riberas del Urumea S.L. enpresari 7.079.074 eurotan (gehi dagokion BEZa) saltzea onartu du. Ordainketaren %50 berehala egingo da eta beste erdia eskriturak egiterakoan. Nemesio Etxaniz kalea eta Bartzelona hiribidearen izkinan kokatutako 903m2ko lursail bat da eta bertan eskaintzaileak 45 etxebizitza eraiki ahal izango ditu.
Bestalde, Riberas del Urumea S.L. enpresak eraikinaren oinarrizko proiektua 6 hilabeteko epean aurkezteko konpromisoa hartu du, salerosketa idazki publikoa ematen zaion momentutik. Era berean, eraikina beste 30 hilabetetan exekutatu eta bukatu beharko du, zuinketa akta entregatzen den momentutik kontatzen hasita.
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek oso modu positiboan baloratu du berria, izan ere, “bizi ditugun garai hauetan ez da erraza inbertsioak erakartzea, gainera baliabide garrantzitsua izango da hirian beste obra batzuk egin ahal izateko”. Agintaldi hasieratik kapital diru-sarrerarik ez zegoen bitartean, kapital inbertsiorik ez zela izango defendatu duen ogasun delegatu Jabi Vitoriak adierazi duenez, “diskrezioz eta zuhurtasunez jarraituko dugu lanean, beste diru-sarrera batzuk lortzeko”.