Chris Kase (eskuinean), Hotsak disketxeko arduradunarekin batera, Fnac-en egindako aurkezpenean (Argazkia: E. Zabala)
My private circus, halaxe izena du Chris Kase estatubatuarraren zazpigarren diskoak. Duela 15 urte Europara etorri zen, eta Madrilen bizi den arren, astero izaten da Donostian, Musikeneko irakaslea baita duela hamar urtetatik. Jazz musikaria da Kase, eta bere ohiko instrumentua tronpeta den arren, disko berrian baxua eta teklatua jotzen ere ausartu da. Kase bera da diskoko musikari bakarra, eta diskoak badu beste berezitasun nagusi bat ere, inprobisatutako abestiez osatu duela. Hau da, partituretan idaztera iritsi gabeko doinuak jaso ditu, piezak konposatu, interpretatu eta grabatu egin ditu, dena batera. Diskoa dagoeneko salgai dago, eta orain taldea osatzen ari da, aurkezpen kontzertuak egiten hasteko. IRUTXULOKO HITZAk musikariarekin bakarka egoteko aukera izan du, eta laster argitaratuko du egindako elkarrizketa.