Donostian 10.100 haur daude erdal ereduan ikasten
Zifra horri erantzuteko, Euskal Herrian Euskarazek elkarretaratzea deitu du Hezkuntza Delegaritzaren aurrean.
Donostian, guztira 10.100 haur erdal ereduetan ikasten ari direla jakinarazi du EHEk. Haien esanetan, gazte horiek “euskaraz bizitzeko ezgaituak aterako dira eskolatik”, eta haien ingurukoak ere, “erdaraz egitera behartuko dituzte”.
Horren aurrean erantzuteko deia egin dute, eta otsailaren 16an elkarretaratzea deitu dute Hezkuntza Delegaritzaren parean 11:30ean. Ondoren, bertatik abiatuta San Patricio ikastetxeraino giza-katea egingo dute, eta parte hartzeko deia egin dute.
Izan ere, nahiz eta Donostia “euskararen hiriburua” izan, uste dute “gurean ere asko dagoela egiteko euskararen normalizazio prozesuan”. Horregatik deitu dute “erantzutera”.
Azkenik, salatu nahi izan dituzte, Madrildik datozen hezkuntza erreforma eta baita Wert ministroak “gure asmoa ikasleak espainolizatzea da”, esan izana. Horren aurrean, EHEk alternatiba badela erakutsi nahi du; “guk, eskola euskalduna. Euskararen ezagutza unibertsala bermatu eta belaunaldi berriak euskaldunduko dituen eskola euskalduna”, adierazi dute.