Euskal Herriko Kammerphilharmoniak bi kontzertu eskainiko ditu hirian
Euskal Herriko Kammerphilharmoniak bi kontzertu eskainiko ditu laster, Viktoria Eugenia Antzokian. Otsailaren 14an izango da lehen emanaldia, eta maiatzaren 11ean bigarrena; bi kontzertuak 20:00etan izango dira, eta sarrerak 18 eurotan daude salgai.
Euskal Herriko Kammerphilharmonia 2010ean jaio zen eta 30 musikari inguruk osatzen dute. Musikeneko ikasle ohiek eta musikari profesionalek osatzen dute orkestra, eta diru laguntzarik ez dutenez, funtzionatzen jarraitzea beraientzat diru galera bat dela onartu du Riccardo Sciammarella zuzendariak, gaur egindako aurkezpenean. “Denboraldi bakoitzean Donostian lauzpabost kontzertu eman nahi nituzke, baina pausoz pauso joan behar gara. Publikoaren erantzunaren beldur naiz”, aipatu du zuzendariak.
Otsailean, Mozart eta Beethoven musikagileen obrak interpretatuko ditu orkestrak. Maiatzean, berriz, Kup abesbatzarekin batera ariko da orkestra.