Martxoaren 23an eta arratsaldez jasoko du Korrika Donostiak
Martxoaren 14tik 24ra 18. Korrikak egingo duen ibilbidea aurkeztu dute gaur AEK-ko arduradunek Bilbon. Andoaindik (Gipuzkoa) abiatuko da, eta bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu Euskal Herrian zehar, Baionan amaitu arte. Donostiak azken aurreko egunean jasoko du Korrika, martxoaren 23an, arratsaldez, 19:40ean. Astigarragatik iritsiko da Korrika, eta Donostiatik Pasai Antxora abiatuko da.
Berrikuntza gisara, aplikazio bat prestatu dute, Korrikak uneoro herri bakoitzera ailegatzeko zenbat kilometro eta zenbat denbora falta duen jakiteko.
Eman euskara elkarri da aurtengo edizioaren leloa. Hitzon bidez, euskara “kohesiorako tresna” eta “elkarbizitzarako gakoa” dela aldarrikatu nahi dute, eta hizkuntzaren erabileraren garrantzia nabarmendu. Hori dela eta, euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleei egin diete omenaldia.