Vicente Ameztoiren alderdi intimoena erakutsi dute Koldo Mitxelenan
Gaur 19:30ean inauguratuko dute ‘Etxe-Ondotik’ erakusketa, Ganbaran.
Vicente Ameztoi (Donostia, 1946-Villabona, 2001) artistaren obra, eta artista bera ere hobeto ezagutu ahal izateko erakusketa bat ireki dute Koldo Mitxelenako Ganbaran. Iaz, artistaren heriotzaren hamargarren urtemugan hainbat ekimen antolatu zituzten. Besteak beste, Etxe Ondotik erakusketa egin zuten, Villabonan. Orain erakusketa hori bere jaioterrira ekarri dute, Donostiara.
Artistaren alarguna, Virginia Montenegro, eta bere alaba, Virginia Ameztoi, izan dira erakusketaren aurkezpenean. Erakusketa “oso intimoa” dela azaldu dute. Bere artelanak ez ezik, Ameztoiren hainbat objektu bildu dituzte aretoan. Gainera, Koldo Mitxelenan orain artean euren etxean, Villabonako Etxe Ondon gordeta egon diren zenbait obra erakutsi dituzte lehen aldiz.
Erakusketak, hain zuzen, Vicente Ameztoiren etxearen izenari zor dio bere izenburua. Bertan sortu zituen erakusketan dauden obra gehienak. Olioak, kutxak, askotariko teknikak, Zeruko Argia eta Euskadi Sioux argitalpenetarako egindako azalak…
Erakusketa martxoaren 23a arte izango da zabalik. Asteartetik larunbatera bisita daiteke, 16:00etatik 20:00etara.