'Xentimorik gabe' antzezlana, Amaran
Korrika kulturalaren harira, Xentimorik gabe antzezlana eskainiko dute, gaur, osteguna, Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxean. Ramon Agirre eta Inazio Tolosa protagonista duen antzezlan honetan umorerik ez da faltako.
Munduko herrialde ugari zapaldu dituzte azken hogei urtetan Ray eta Nick artistek, euren musika, kantu, dantza eta umore ikuskizunarekin. Abeslari bikoteak plagiatzen adituak dira, eta urte luzez kantari ezagunak imitatu izan dituzte: Simon&Garfunkel, Pantxoa eta Peio, Elvis Presley… Orain, arrakastaz eta krisiz betetako ibiliaren ostean, herriminak jota, Euskal Herrira itzultzea erabaki dute. Bi artistek hogei urtean bizitakoak kontatzen dituzte Xentimorik gabe izeneko lanean, musika eta umorea uztartuta. Inazio Tolosa eta Ramon Agirre aktoreek gorpuztu dituzte bi artistak, Asier Sotaren zuzendaritzapean.
Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta doan izango da.