Tabakalerako Ane Rodriguez, Udaleko Nerea Txapartegi eta Kimuakeko Esther Cabero (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aurten ere, Frantziako Clermont-Ferrand film laburren zinemaldiko aukeraketa bat ekarriko dute Donostiara. Izan ere, seigarren urtez jarraian, Tabakalerak eta Donostia Kulturak elkarlanean aritu dira, zinemaldi horretako Labo saileko film onenak hirian ikusi ahal izateko. Film labur esperimentalak jasotzen ditu Labo sailak, eta hirian horietako 30 film ikusteko aukera izango da. Aurten, gainera, Kimuak ekimeneko zazpi film ere ikusgai jarriko dituzte, euskal sorkuntzari bultzada emateko.
Otsailaren 25ean abiatuko da film laburrei eskainitako astea. Lehen egunean, Kimuakeko filmak eskainiko dituzte, eta hurrengo lau egunetan, Labo saileko filmak. Antzoki Zaharrean proiektatuko dituzte film labur guztiak, 19:30ean, eta sarrerak bi euroko prezioa izango du. Film guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, azpidatziekin. Astelehenean, asteartean eta larunbatean, gaztelaniazko azpidatziak jarriko dituzte, eta ostegunean eta ostiralean, euskarazkoak.