Dantzazek eta Libre Destinok bat egin dute, dantza gizarteratzeko
Dantzaz konpainia donostiarrak bere lana eta dantza bera ezagutzera eman nahi ditu, eta Iruñeko Libre Destino bidaia agentziarekin elkartu da, Dantzaren Bihotzeraino egitasmoan. Herritarrei Dantzazen emanaldietara joateko aukera emango diete, hainbat eskaintzen bidez, eta ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izateaz gain, dantzariekin beraiekin bidaiatuko dute, entseguak ikusteko aukera izango dute, eta hainbat hiri ezagutzeko parada izango dute. Horrela, dantzak eta turismoak bat egingo dute, eskaintza berezietan. Lehen eskaintza apirilaren 12rako egingo dute, baina oraindik ez dituzte xehetasunak zehaztu, Dantzazek ez baitaki zehazki noizko joan beharko duen. Frantziako Landetako Soustons herrian Arte-an ikuskizuna eskainiko dute, eta bertara autobusean joango dira dantzariak. Beraz, interesa duenak konpainiarekin bidaiatzeko aukera izango du. Datorren astean zehaztuko dituzte bidaiaren nondik norakoak, euren webguneetan.