Unai Elizasu: 'Peli'
Hasiera batean, beste zutabe bat nuen idatzia, baina asteleheneko gertakizunak, prestatua nuen zutabea aldatu eta hau idatzita nator. Whatsapp bat jaso nuen astelehenean. “Peli hil da!”
Arraunaren inguruan, hamaika gauza irakurtzen dira. Hamaika zutabe, emaitzak non nahi, bateko kritika eta besteko bandera. Arraunak baina, arraunlariontzako badu guzti honetaz gain, ezkutuan, eta gure barruan gordetzen diren makina bat une, makina bat adiskide.
Akaso talde guztietako kontua izango da, baina nik Ur-Kirolakeko kasua bizi izan dut. Generazio ezberdinen artean, harreman estua izan da Urkin. Aldageletatik hasita, San Sebastian bezperako afariraino, adinak banatzen zuena, arraunak batzen zuen. Urtean banatzen zuena, kronometroak batu.
Peli-rekin, ezin dut esan harreman esturik izan dudanik, baina beraz topatu bakoitzean izaten zen hitz aspertu ederrik. Euskara ederra egiten zuen, hizlari fina zen. Gozada bat da, halakoen ahotik esperientziak entzutea. Gozada bat da, pasioaz kontatzen zizkigun Urkiko kamisetarekin bizitakoak, biziberritzea. Egun, arraunari esker bizitakoaren inguruan dudan pasioak ere, badu bere itzalik.
Urki Moskuko olinpiadetara joan zenean, Peli tartean zen. Argazki zaharretan ikusten zen. Beste arraunlariak nor ziren, ez nuke jakingo; baina Peli, bereizia zen. Bai, bai, bereizia, unicoa. Bere kaxkezur gorriak, begietan iltzatzen zen. Ilegorri gutxi dira arraunean, eta Peli berriz, bakarra. Azken aldian, erreka bazterretik pasiatzen ikusten zintudan. Gu uretan eta zu erreka bazterretik begira. Apustu egingo nuke, begira egoteaz gain, gure zainetan sartzen zinela, gurekin arraun egiteko.
Zutabe honetan ez da despedida hitzik. Ez ditut despedidak maite. Egunotan, hileta orrietan, facebook, egunkari eta halakoetan, “goian bego” irakurtzen dut… baina ez, goian ez. Kontxan zein Urumean, ilunabarrak ortzimuga gorritzen duenean, arraunkada bakoitzean marraztutako uberatan izango zara Peli. Plazer bat izan da zu ezagutzea Peli. Besarpalada handi bat!