Udal gobernuak Altzan egindako bilera, aurrekontu proiektua aurkezteko. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostiako Udaleko talde politikoak bilduta izan ziren atzo Ogasun Batzordean, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari buruzko emendakinak bozkatzeko. Jakina denez, osoko emendakinik inork aurkeztu ez duela eta, Donostiak 2013rako aurrekontu berriak izango ditu. Gainera, udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektua bere horretan mantenduko da ia erabat, gastuen atalean 4 milioi euroko igoera eginda, otsaileko udalbatzarrean adostu zen bezala. Martxoaren 19an izango da udal aurrekontuak onartzeko ez-ohiko udalbatzarra. Egun horretatik aurrera, Donostiako udal gobernuak aurrekontu berriak kudeatuko ditu.
Jabi Vitoria Ogasuneko ordezkariak azaldu duenez, udal gobernuak ez du gastu ahalmena nola handitu zehazteko emendakinik aurkeztu, talde politikoekiko negoziazioa errazteko. Bestetik, pozik agertu da Ogasuneko Batzordeko emaitzarekin. “Oso pozik gaude gure aurrekontu proiektua ia erabat mantendu delako. Horrek erakusten du udal gobernuak lan ona egin duela eta, horri esker, krisi garai honi aurre egitera zuzendutako aurrekontu bat izango dugula”. Ogasuneko ordezkariak aurrekontuen eduki soziala azpimarratu du: “Krisi garaiotan, erantzukizun ariketa garrantzitsua izan da gehien behar dutenen alde egitea, eta aurrekontu proiektu honetan gizartearen beharren alde jasotzen den apustua berretsi egingo dela uste dugu”
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea hala mintzatu da: “Baieztatu egin da udal gobernuak aurrekontuen inguruan egin duen lana. Donostiar guztientzat norabide onean emandako pausoa da”. Donostiako alkateak zera gogorarazi du: “Aurrekontu proiektu hau donostiarren proposamenak kontuan hartuta osatu da. Horregatik uste dugu aurrekontu hauek herritarren benetako beharrei erantzuten dietela”. Bestetik, oposizioaren jarrera arduratsu eta positiboa eskertu du.