Baserritarren ekoizpenak aukeran izan dituzte herritarrek Loiola kalean
Behemendi eta Lurlan baserritar elkarteek, Donostiako udalaren laguntzarekin, Lurlan azoka berezia antolatu dute Donostiako Loiola kalean, San Martin merkataritza gunearen aurrean. Herritarrek Euskal Herriko baserritar eta artisau ekoizpenen eskaintza berezia izan dute aukeran goizeko 9:00etatik, kalitate gorenekoak eta jatorriz ziurtatua: Orexako Idiazabal gazta, Euskal Herriko aintzinako gaztak, mermeladak eta sagar dultzea, Getariko Txakolina eta antxoa eta hegaluze kontserbak, Uztarrotzeko Erronkari gazta, Txerrizaleok Gipuzkoako elkartearen txerrikiak, Altsatsuko ahatekiak, Nafarroako Uxueko pastak, Gipuzkoako ezti eta eztikiak, Gaintzako ahuntz gaztak, euskal txerria eta Ezpeletako piperrak, baserriko pastak eta ogi ekologikoa…
Azoka 14:00ak arte irekita egotea aurreikusi dute. Ekimen berezi hau 2002 urtean Behemendi Elkarteak Donostiako Udalaren laguntzarekin hasitako dinamika baten barnean kokatzen da. Hala, Loiola kalean azoka bereziak antolatzeari ekin zitzaion, San martingo azoka zaharrarekin loturiko ekimenak bultzatuz. Hainbat urteetan azoka berezi hauen kokalekua izan da Loiola kalea, izan duen eta izaten jarraitzen duen baserritar merkatu kutxua aprobetxatuz.