Gazteek Erdialdeko kaleak hartu dituzte Donostiako 15 auzipetuei babesa adierazteko
Donostiako 15 auzipetuen aldeko manifestazioari 17:00etan ekin diote, txalo artean, Euskal gazteria libre eta legala lelopean. Bulebarretik abiatu da protesta, eta Hernani kalea hartu du berehala. Manifestazioan bildutako ehundaka lagunek oihu artean adierazi diete babesa Donostiako gazte auzipetuei. Gazteak gara, ez terroristak eta Gazteria, aurrera izan dira oihukatutako leloetako batzuk. Ertzaintza manifestazioaren buruan izan da, protesta gertu zaintzeko.
Auzipetuek eraman dute manifestazioaren hasierako pankarta.Hain zuzen ere, Donostiako hamabost gazte auzipetuak Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude. Otsailaren 13an berrikusi zuen kasua eta edozein unetan eman dezakeela epaia nabarmendu du Eleak mugimenduak. Horren harira, gazteek bizi duten egoera salatu eta haiei babesa emateko asmoz, gaurko manifestazio antolatu zuen Eleak-ek berak. Atxikimendu ugari jaso ditu manifestazioak. Besteak beste, ELAk, EH Bilduk eta Donostiako udal gobernuaren babesa jaso du.
Segiko kide izatea egotzita seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak hamabost gazteentzat. Zigor hori ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta otsailean egindako berrikusketan gauza bera eskatu zuen fiskalak.