Bera Berak jipoia jaso du Errekopan Alemaniako txapeldunaren aurka (15-33)
Alemaniako txapelduna gehiegitxo izan da Bera Bera Eskubaloia taldearentzat. Hain zuzen ere, Errekopako final-laurdenetako joaneko partidan, donostiarrek 15-33 galdu dute Thuringer taldearen aurka, Gaska kiroldegian. Final-laurdenetara hamabi goleko errentari buelta eman eta gero iritsi dira Reyes Karrereren jokalariak, final-zortzirenetako kanporaketa etxean modu harrigarrian bereganatu ondoren, miraria erdietsi eta gero. Oraingoan, ordea, ez da mirarientzako tarterik izango, eta itzulerako partida dena erabakita jokatuko dute donostiarrek, zoritxarrez.
Atsedenaldian 7-9ko emaitzarekin iritsi dira bi taldeak, baina bigarren zatian Thuringerrek ez du aurkaririk izan, eta Bera Bera jipoitu du (8-24ko partziala). Txaranga eta guzti hurbildu da Gaska kiroldegira, Bera Bera animatzera. Era berean, zale ugari bertaratu dira, baina donostiarrek ez dute egun ona izan eta Europari agur esan diote, nahiz eta oraindik itzulerako partida geratu. Honako hau datorren igandean jokatuko dute, Alemanian.