Lagun Aroko jokalari Ibekwek 11 puntu egin ditu. (Argazkia: ACB.com)
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ACB Ligan mantentzeko aukerei eutsi die, Fuenlabradaren aurka Madrilen irabazi eta gero (72-86). Sito Alonsoren jokalariek azken laurden bikaina egin dute, Javi Salgado joko antolatzailearen eskutik. Partidan zehar aurretik egon dira markagailuan Illunbekoak (42-43, atsedenaldian), baina azken laurdenean hautsi dute lehia, garaipen garrantzitsua etxeratuz. Gainera, donostiarrek
basket-average delakoa bere egin dute madrildarren aurka, eta horrek garrantzi handia izan dezake Liga amaitzerakoan. Izan ere, Lagun Arok garaipen bakar batera du Fuenlabrada, eta madrildarrak jaitsiera postuetatik at dauden taldeen artean lehena da; hortaz, aurkari zuzen-zuzena da. Illunben 75-86 galdu zuten donostiarrek; Madrilen, garaipena ez ezik, alde horri buelta ematea ere lortu dute.
Azkenaurreko postuan jarraitzen du Lagun Arok, baina aurrekoekin zuen aldea murriztu du azken garaipenei esker. Bolada onean dago, zalantzarik gabe. Javi Salgado partidako heroietako bat izan da, 10 punturekin, horietatik gehienak azken laurdenean. Woods ere oso txukun ibili da, 22 puntu lortuta. Finleyren ekarpena ere ezinbestekoa izan da. 15 puntu lortu ditu, eta hirukoitz erabakigarri bat saskiratu du azken minutuan,
basket-average izenekoa lortzeko. Ibekwek 11 puntu egin ditu, eta Paunicek 12 puntu.