Chuchito Valdes, Viktoria Eugenia Antzokian
Bihar, asteartea, Chuchito Valdesek kontzertua eskainiko du Viktoria Eugenia Antzokian. 20:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak 20 eurotan eskura daitezke.
Jesus Valdes, Chuchito Valdes, dagoeneko mito bihurtu den kubatar piano jotzaile familia bateko ondorengoa da. Chuchoren seme eta Beboren biloba, Chuchito Valdesek bere lekua egiten jakin du, jazz eta musika afrokubatarreko errepertorio zabala erabiliz. Pare bat urtez, Irakere zuzendu zuen, aitak sortutako banda, ospe handikoa nazioartean, eta gero bere ibilbideari ekin dio; 44 urtetan, iritsia da artistaren heldutasunera.
Aitak eta aitonak zazpi aldiz irabazi dute Grammy saria. Chuchitok bost izendapen izan ditu dagoeneko Grammy latinoetan. Mundu osoan jarduna da, eta Herbie Hancock eta McCoy Tyner-ekin jo izan du. Hiru Valdestarrak jazz kubatarreko familiarik ezagunena dira.
Chuchito maisutzat daukate musika kubatarreko zenbait estilotan: mambo, danzon, timba eta guaguanco izenekoetan, besteak beste. Zazpi urte zituenean hasi zen piano klasikoa ikasten, Kuban, eta 17 urterekin sartu zen jazz latinoaren bidetik, Irakere kubatar talde ospetsuarekin bat egin zuenean. Orain bere bandak zuzentzen ditu; besteak beste, Afro-Cuban Latin-Jazz Ensemble; eta oraingoz haren ibilbideak ez dirudi mugarik duenik.