"Komunikatu ahal izatea oinarrizko eskubide bat da"
Jorge Gil zuzendari legazpiarraren lehen film luzea da. Bihar arratsaldean aurkeztuko dute Viktoria Eugenia Antzokian. Sarrerak agortu egin dira.
Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpek arazo handi bati aurre egin behar izan diote jaio zirenetik. Beraien gorputzek ez diete jendearekin komunikatzen utzi. Nola komunikatu daiteke pertsona bat eskurik eta ahotsik gabe? Oztopo hori nola gainditzen duten azaltzen du El Metodo Arrieta filmak. Moriarti ekoiztetxeko Jorge Gil zuzendariaren lehen film luzea da. Dokumentalak, hain zuzen, komunikazioa giza eskubide gisa aldarrikatzen du; eta horregatik pozik azaldu da Gil, Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztuko duelako. “Munduan %3ak erabiltzen du komunikazio modu alternatibo bat. Komunikatu ahal izatea oinarrizko eskubide bat da. Baina beste guztiok ez ditugu horiek kontuan hartzen”, adierazi du zinemagileak. Arrieta ahizpen historia ezagutu zuenean, berehala hartu zuen dokumental bat egiteko erabaki. “Ezinezkoa da haien borrokarekiko enpatia ez sentitzea. Beraien borroka txikia da. Goliathen aurkako borroka da bi ahizpena; eta beraiek duten gauza txiki hori mundura zabaldu nahi dute”. Arrieta Metodoa plazaratu nahi dute mundu osoan. Begiradak nahikoa dira Arrieta ahizpentzat, elkar ulertzeko. Begiaren irisaren mugimenduarekin airean “marrazten” dituzte hizkiak. 35 urte daramate komunikazio mota hau erabiltzen: Lourdesek 22 urte zituela eta Mentxuk 17 urte zituela asmatu zuten lengoaia hau. Komunikatzeko oztopoak dituztenei laguntzeko prest daude, dokumentalean azaltzen den bezala. Izan ere, beraien ustez, besteak laguntzeko “ekarpen pertsonala” da Arrieta Metodoa. Mentxu Arrietak komunikazioaren inguruan egiten den egokitutako teknologiaren ezkutuko interesak salatu ditu prentsaurrekoan: “Oso oso garestiak dira, eta jende askok ezin ditu ordaindu”. Hain zuzen, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako ikasle bat agertzen da dokumentalean: Julene Beldarrain. Hark ere, Arrieta ahizpek bezala, komunikatzeko arazoak ditu. Dokumentala Donostiako hainbat gunetan filmatuta dago; Amara Berrin, besteak beste. 2009ko udazkenean ezagutu zituen Gilek Arrieta ahizpak. Eta zinemaren abentura handian murgildu zituen. Handik gutxira hasi ziren lehen grabazioak. Haien etxe barruan sartu zen euren familia, euren bizitza, euren jatorria eta euren egunerokoa ezagutzeko. Ikusleek Arrietarrak eta haien familia ezagutuko dute. Haurtzaroa, nerabezaroa, ahizpen arteko harremana… “Beraien egunerokoari erreparatuta, haien historia kontatzeko hainbat ikuspegi daude. Izan zitekeen euren egunerokoan dituzten muga fisikoak, euren independentzia… Baina komunikazioaren gaian sakondu nahi nuen”. Bi ahizpen arteko harremana, komunikazio eskubidearen aldarria, oztopoak gainditzeko indarra… Hainbat osagai biltzen ditu Jorge Gilen Dokumentalak. Jaialdian bukatu ondoren, ikusleek zinema areto komertzialetan ikusteko aukera izango dute, maiatzaren 1ean estreinatuko dute eta.