Valentziako jokalari Rafa Martinez, Papamakarios eta Ibekweren aurrean. (Argazkia: ACB.com)
Porrot gogorra jaso du Lagun Aro Gipuzkoa Basketek, Fontetan, Valentziaren aurka (93-65). Donostiarrek garaipena behar zuten bai ala bai, baina ez dute aukerarik izan. Lehen zatia berdindua joan den arren –atsedenaldian, 44-39–, aldageletatik bueltan hautsi da norgehiagoka. Etxekoek 26-7ko partziala egin diote Sito Alonsok zuzendutako taldeari hirugarren laurdenean, eta hor amaitu da lehia. Horrenbestez, La Fontetak kantxa madarikatua izaten jarraitzen du. Donostiarrek ez dute sekula bertan irabazi.
Porrot honekin, mirari bat baino zerbait gehiago behar du Lagun Arok jaitsiera ekiditeko. Lau partida falta dira, eta lauak irabazi beharko lituzke. Hori gutxi balitz, Cajasolek edo Valladolidek geratzen diren lau partida horiek ere galdu beharko lituzkete. Beraz, Gipuzkoa Basket datorren jardunaldian jaitsi daiteke matematikoki, behar dituen emaitzak ematen ez badira.