"Alardea sintoma bat da, ez da arazoa. Arazoa gizartean dago"
http://youtu.be/tMQffJYwetU
Hondarribia eta Irungo alardeen inguruko dokumentala egin dute Eneko Olasagastik eta Jone Karresek. Emakumearen parte hartzearen aldeko eta kontrakoak hartzen dute hitza filmean.
Irun eta Hondarribiko alardeen jatorria, bere ezaugarriak eta gatazkaren garapena azaltzen duen film bat aurkeztu dute Giza Eskubideen Zinemaldian. Alde ezberdinetako iritziak eta sentipenak bildu dituzte, eta pelikulak “bestea ulertzeko” balio beharko lukeela adierazi dute Alardearen seme-alabak dokumentalaren egileek. Eneko Olasagastik eta Jone Karresek zuzendu dute filma.
Jone Karres kazetaria eta soziologoa da. Alemanian hazi zen, baina Euskal Herrian bizi da egun. Bere euskal sustraien bila etorri zen: “Betidanik oso interesgarria iruditu zait identitate kulturalaren gaia. Eta hemen, gatazka sozial eta kultural honekin topo egin nuen. Jai eta erritoek, hain zuzen, identitate kolektiboarekin zerikusi handia dute. Soziologo, euskaldun eta emakume gisa, bi alardeetan piztutako gatazka bere sakonean ezagutu nahi nuen”.
Dokumentazioa bilatzen hasi zen Karres: “Festa ezagutzen hasi nintzen, jendearekin hitz egiten… Identitatearekin lotura handia duten jaiak edo errituak dira, prentsan irakurri dezakeguna baino sakonagoa da, liskar txoro bat baino harago doana “. Irungo Xabier Kerexeta historialariak eta Maggie Bullen antropologoak gai honen inguruan egindako lanak hartu zituen abiapuntu gisa, eta historia pertsonalak bilatzen hasi zen.
Eneko Olasagasti eta Joseba Garmendiarekin elkartu zen ondoren. Haiek ere bazuten gai honen inguruan film bat egiteko gogoa: “Berak bere ikuspegi zientifikoa eman zuen, guk zinemagintza. Gatazkaren alde gizatiarra kontatu nahi genuen”, azaldu du Olasagastik.
Olasagastik argi hitz egin du Irun eta Hondarribian gertatzen denaren inguruan: “Edozein lekutan gertatu dena edo gerta daitekeena da. Zer gertatuko litzateke Gasteizen Zeledon emakumea izateko eskatzen hasiko balira? Irun eta Hondarribikoa beste modu batera gertatu da leku askotako festetan. Donostian, Antzuolan, Lekeition… “.
“Berdintasun arazo bat”
Finean berdintasun arazo bat dela adierazi dute egileek, eta arazoa gizartearena dela, ez bi herrirena: “Gatazka hau ez da Irun eta Hondarribiaren ondare bat. Han muturrera eraman dutela? Beharbada bai. Argi dago gatazkaren garapena desberdina izan dela kasu bakoitzean”. Filmak defendatzen duen tesia Xabier Kerexeta historialariaren ahotan entzun daiteke dokumentalean: “Alardea sintoma bat da, ez da arazoa. Arazoa gizartean dago”. Eta hori azaldu dute dokumentalean: “Pantaila handian jarri dugu dagoen arazo bat”.
Filmak alarde tradizionalaren aldekoek erabili ohi duten argudio baten aurka ere egiten duela azaldu du Olasagastik: “Kanpoko jendeak ezin duela ulertu diote, soilik barruan daudenek uler dezakete. Argudio horren aurka badoa filma. Festek soilik gizartean dagoen arazo hori islatzen dute. Elkar ulertzean dago konponbidearen gakoa”.
Karresek azaldu dokumentalean azaltzen diren sentimenduak “oso errotuta” daudela, jendeak festetan bere identitatea berresten duelako, eta aldaketek askotan beldurra sortzen dutela: “Ez da bakarrik ondo pasatzeko festa bat, gure nortasuna definitzeko errituak ere badira. Horregatik, festak aldatzea distortsio bat da askorentzat. Aldaketa hauek sortzen direnean hainbat aurka jartzen dira, beldurra sartzen zaielako. Aldaketa sozialak izan direnean ere beldurra sartzen zaie”.
“Dokumentala gutxietsi egin dute”
Joseba Garmendia da filmaren ekoizlea. Donostiarra da, Parte Zaharrekoa. Jada hogei urte eman ditu Hondarribian bizitzen: “Oraindik ez zait buruan sartzen Hondarribian gertatzen dena”. Dokumentalaren inguruan arantzatxo bat duela aitortu du. Alarde tradizionalaren aldekoek filma gutxietsi egin dutela salatu du: “Ez dute parte hartu nahi izan, eta guk parte hartzeko gonbitea egin diegu. Alkateek ere ez dute parte hartu filmean. Guk bi aldeak ordezkatuta egotea nahi genuen. Eta alde horretatik beharbada hankamotz geratu da. Gustatuko litzaiguke beraien pentsaera islatzen duen jende gehiago egotea dokumentalean. Halere, beraien ideiak ere islatu ditugu. Nestor Basterretxeak esan zidanarekin geratuko naiz. ‘Film hau egin behar zen, eta egin duzue’. Berak diseinatu du dokumentalaren kartela, eta haren etxera joan nintzenean esan zidan hori”.
Herritarrek alardearen inguruan hitz egiterakoan sentitzen duten “presio soziala” aipatu du Karresek: “Jende askok azken unean eman digu ezetza, atzera egin dute azken unean. Zer esango duten beldur dira”.
Bai filmean eta baita prentsaurrekoan ere, erakundeek izan beharreko papera argi dute dokumentalaren egileek: “Ez da alderdi baten kontua; batean PSE dago eta bestean EAJ. Alkateek, udalek ez dute ezer egin baina ezta euren alderdietako buruzagiek ere. Eta Udalak arazoa konpontzearen alde egingo balute, berehala konponduko litzateke”.
Bihar arratsaldean izango da estreinaldia Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta dagoeneko sarrerak agortuta daudenez, bigarren emanaldi bat egingo dute ostegunean, 22.30ean.