Ansorena, Izagirre eta Gaztelumendi, gaurko agerraldian. (Argazkia: Donostiako Udala)
Goizean zehar Parte Zaharrean barrena hainbat ekitaldi egingo dituzte; alkatea, Udaleko Txistulari Taldea eta Beñat Gaztelumendi izango dira besteak beste.
Donostiako Udalak herri omenaldi bat egingo dio bihar, Raimundo Sarriegiri. Hain zuzen ere, bihar beteko baitira ehun urte konpositore donostiarra hil zela, eta hori bera gogoratzeko antolatu dute omenaldia. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak azpimarratu du, Sarriegi hil zenetik mende bat igaro bada ere, Donostiako kaleetan oraindik bizirik daudela haren doinuak; “Raimundo Sarriegik utzitako ondarea aparta da, konpositorearen doinuek oraindik ere zirrara berezia sortzen dute donostiar guztiongan”, esan du.
Bihar egingo duten ekitaldia Konstituzio plazan hasiko dute 12:00etan. Bertara gerturatzeko gonbitea luzatu die alkateak udal korporazioari zein herritar guztiei. Bertan hasiko da ekitaldia eta plazatik segizioan parte hartzera gonbidatu ditu.
Segizioa hain zuzen ere, Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak Sarriegiren Alkate Soinua doinua joaz egingo dute. Plazatik irten eta konpositorea hil zen lekuraino joango dira. Bestalde, Yurrita Botikan lore sorta bat jarriko dute haren oroimenez. Sarriegi plaza izango dute azken helmuga. Beñat Gaztelumendi bertsolariak musikagilearen omenezko bertsoak botako ditu bertan. Ondoren Iriyarena piezaz lagunduta, Donostiako Bandera dantzatuko du alkateak. Sarriegiri laudorioa egingo dio ondoren Izagirrek. Jarraian Ohorezko Kontrapasa dantzatuko dute. Lore eskaintza ere egingo da musikagilearen eskulturaren aurrean. Azkenik Donostiako Martxa abestuko dute bertaratutakoek.
Arratsaldean ere ekitaldia
Donostiako Udaleko Txistularien Taldeko zuzendari Jose Ignazio Ansorenak azaldu du, goizeko ekitaldiez gain, arratsaldean ere ekitaldi xume baina ederra egingo dutela: “Orfeoi Txikiak bere 25. urtemugaren harira disko bat argitaratu du, eta bertan jasotako piezak interpretatuko ditu Donostiako Udaleko Txistalarien Taldearekin”, azaldu du. Udalbatzan izango da kontzertua arratsaldeko 19:30ean.