Javier Sada: "Jende mugimendua dabil eguraldia lagun"
Javier Sada historialari donostiarrak ez du hutsik egin Gipuzkoa plazako liburuaren azokan. Bere liburuak nahi duenari sinatzeko prest dago, baita galderak erantzuteko ere. IRUTXULOKO HITZA berarekin izan da. “Jende mugimendua dabil eguraldia lagun. Ez dakit asko saltzen ari diren, ez baitut kontrolatzen, baina jende asko ari da liburuak begiratzen eta hori ona iruditzen zait. Hala ere, urteko egun guztietara zabaltzea nahiko nuke; liburu bat erosteak bigarrenera eraman zaitzake”, esan du pozik.
Duela bi urte ‘El asalto a la Brecha’ idatzi zuen, 1813ko gertakarien inguruan. Iñaki Egañak eta Jose Antonio Azpiazuk ere liburu bana idatzi dute orduko triskantzen inguruan. Hiru adituek mahai-ingurua eskainiko dute 17:00etan, Gipuzkoa plazan bertan jarritako karpan. “Interesgarria izan daiteke, hiruen artean gertatutakoaren bertsio aberatsagoa eskainiko baitugu”, aipatu du Sadak.
Edonola, herritarrei irakurtzeko deia egin die historialariak. “Liburu bakoitza jakinduria gune bat da. Nahi duzuna topa dezakezu, zure ilusioa, nahia… Bizitzan nahi duzun guztia topa dezakezu liburu batean”.