“Politikariak ez dira ezer egiten ari, eta bitartean bankuak lapurretan ari dira”

IRPH indizea kentzeko eskatu du Stop Kaleratzeak plataformak. Indize honetan oinarritutako maileguak dituzten familiek hilero 300 edo 400 euro gehiago ordaindu behar dituztela salatu du.

Euriborra minimo historikoetan dagoen arren, hipoteka ordaintzen ari diren hainbat familia egoera larrian daudela azaldu du Stop Kaleratzeak plataformak. Izan ere, hipoteka mailegu guztiak ez dira Euriborraren arabera ematen. Badira beste indize batzuk: IRPH, esaterako. Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea da IRPH, eta finantza erakundeek jartzen dute. Indize hau desagertzeko protestak hasi ditu plataformak. Gaur goizean Amara Berrin egin dute protesta, PPren egoitzan.

Hainbat familiek, hilero kuotan jaitsiera espero ostean, igoera edota jaitsiera apala izan dute. IRPH Euriborra baino garestiagoa baita: emandako hipoteka maileguen batez bestekoa da, finantza erakundeek aplikatutako diferentzialak aintzat hartzen dituena. Hilero 300 edo 400 euro gehiago ordaintzen dutela salatu dute.

Xabier Soto Stop Kaleratzeak taldeko kideak hartu du hitza kontzentrazioan. Kaltetutako familek aurrezki kutxa eta bankuekin sinatutako maileguak garesti ordaintzen ari direla azaldu du: “Milaka gipuzkoar hilero ordaintzen ari dira 300 edo 400 euro gehiago. Zergatik? Ez PPk ez Kutxak ez dute nahi indize alternatiboa aplikatu. Euriborraren indizea gehi bat izango litzateke indize alternatibo hau”.

Apirilean IRPH indizea ezartzeko epea amaitu zen arren, banku eta aurrezki kutxek indize hori mantendu dutela salatu dute: ” Kutxak ez du nahi indize hori kendu, ezta PPk ere. PPk ez ditu finantza erakundeak derrigortu nahi. Batzuk lapurtzen ari dira, eta beste batzuk lapurketa hori baimentzen ari dira. Politikariak ez dira ezer egiten ari, eta bitartean bankuak lapurretan ari dira”. kritikatu du Sotok.

Zergatik sinatu zuten kaltetuek indize mota honetan oinarritutako hipoteka mailegu bat? “Indize hau aukeratzeko gomendatu zieten banku eta aurrezki kutxek”, adierazi du Sotok. IRPHren aldekoek esan ohi dute IRPH Euriborra baino egonkorragoa dela, gorabeherak ez direlako Euriborrarenak bezain bat-batekoak.

Oran, euriborra jaisten ari denean, banku eta kutxen  irabaziak ere jaisten ari direla azaldu du Sotok. “Horregatik ez dute egoera hau aldatu nahi. Familiek ezin dute indize hori ordaindu. Kaltetuek sinatutako indize alternatiba hor lortuz gero askoz lasaiago egongo lirateke”.

Indizearen desagerpenak mailaguak ordaindu ahal izatea ekarriko lukeela uste du plataformak: “Egoera hau luzatzen bada familia askok ezin izango dute hipoteka ordaindu”.

Bankuek, aurrezki kutxek eta alderdi politikoek indize hau kentzeko “obligazio morala” dutela esan du elkarteak.

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend