Carmen Maurak jasoko du Donostia Saria
Saria jasotzearekin batera, bere azken lana aurkeztuko du: Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi.
Zinemaldiaren 61. edizioko Donostia saria Carmen Maurak eskuratuko du, “Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarienetako baten omenaldi gisa”.
Zinemaldiak Carmen Mauraren ibilbide osoa sarituko du. Gainera, Sail Ofizialean (lehiaketaz kanpo) emango dute bere azken filma aurkeztuko dute: Alex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi aurkezteko ekitaldian sarituko dute hain zuzen aktore espainiarra.
Carmen Maurak askotan parte hartu izan du Alex de la Iglesiaren filmeetan. Aurretik, La Comunidad (2000) egin zuen. Paper horrekin Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Zinemaldian. 800 balas (2002) filma ere egin dute elkarrekin.
Komedia delirante eta frenetikoa da Alex de la Iglesiaren azken lana. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez Compro Oro denda horietako bat atrakatuko dute Madrilgo Puerta del Solen, eta, handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Bidean, ordea, Ipar Euskal Herrian, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok. Filmean agertzen dira, halaber, honako aktore hauek ere: Hugo Silva, Mario Casas, Jaime Ordoñez, Macarena Gomez, Carolina Bang eta Terele Pavez.
Carmen Maura Madrilen jaio zen, eta antzerkian hasi zen aktore-lanak egiten, baita telebistako eta zinemako rol txikietan ere. Fernando Garcia Tolak zuzendutako Esta noche telebista-programari esker egin zen ospetsu, TVE katean. Horren ondoren, Fernando Colomoren bi filmetako protagonista izan zen: Tigres de papel (1977) eta
¿Que hace una chica como tu en un sitio como este? (1978).
Bi lan horiei esker, Espainiako zinemagintza berritzen ari ziren zinemagile gazteen belaunaldi oso baten ikono bilakatu zen. Pedro Almodovarren hiru film enblematikoenetakori esker, rol hori sendotu egin zuen: Pepi, Luci, Bom y otras chicas del monton (1980), Entre tinieblas (1983) eta ¿Que he hecho yo para merecer esto? (1984). Almodovarren zinemaren aurpegirik ohikoen bilakatu zen, aipatutako zuzendariarekin egindako hurrengo lanei esker: Matador (1986), La ley del deseo (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988) eta Volver (2005).
Nazioartean ere ibilbide garrantzitsua egin du Carmen Maurak: Francis Ford Coppola (Tetro, 2009), Roger Planchon (Louis, enfant roi, 1993), Etienne Chatiliez (Le Bonheur est dans le pre, 1995), Jean-Pierre Mocky (Alliance cherche doigt, 1997), Andre Techine (Alice et Martin, 1998), Alejandro Agresti (Valentin, 2002), Amos Gitai (Free Zone, 2005), John Irvin (The Garden of Eden, 2008) edota Philippe Le Guay (Les Femmes du 6ème étage, 2010).