Susana Soto San Telmo Museoko zuzendaria, Nerea Txapartegi Kultura ordezkaria, Montserrat Fornells Museoaren Elkarteko Lagunen presidentea eta Jose Ramon Amondarain arista donostiarra (Argazkia: E. Zabala)
Jose Ramon Amundarain artista donostiarraren ‘Mocho’ koadroa oparitu dio Museoaren Lagunen Elkarteak San Telmo Museoari. Izan ere, larunbatean Museoaren Nazioarteko Eguna izango da, eta egun horrekin bat eginez, urtero elkarteak koadro bat ematen dio dohaintzan San Telmori. Zehazki, mihise gainean egindako olioa da, eta 92×73 zentimetroko neurria du. Aurretik San Telmok bazituen artista beraren beste bi lan ere, biak titulurik gabekoak dira eta Donald Herbertek 2006an dohaintzan emandakoak.
Doako sarrera eta ekitaldiak larunbatean
Museoaren Nazioarteko Eguna larunbatean izango da, esan bezala, eta aurtengo leloa hauxe da: Museoak (memoria eta sormena) = gizarte aldaketa.
Egun hori ospatzeko, ohikoa den moduan, San Telmo Museoko sarrera doakoa izango da larunbatean, eta musika eta dantza emanaldiak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean. Ikuskizun guztiak Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolak eskainitakoak izango dira, eta egunari ospakizun eta festa ukitua ematea izango dute helburu.
EMYA sari-banaketa
Bestalde, larunbatean bertan, Europako Museoen Foroak EMYA sariak banatuko ditu Belgikan. Hala, Europako Museo berri edo berritu onenari saria emango diote. San Telmo Museoa sarirako izendatua dago, eta museoko eta udaleko ordezkaritza bat Belgikara joango da. Guztira 28 museo daude izendatuak, eta euren proiektuak aurkeztuko dizkiete gainontzeko hautagaiei. San Telmo Museoaren txanda, ostegunean izango da, hilak 16. Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak aipatu duenez, oso zaila da nork irabaziko duen jakitea. “Hautagaietako bat izatea dagoeneko lorpen handia izan da guratzako. Ez dakigu oso ongi zer den kontuan hartzen dutena onena hautatzeko”, aipatu du Sotok.
Museoak astebururako antolatu duen egitaraua:
19:30-20:30, Zuloaga Plazan, Jazz comboa eta dantza garaikidea
Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolaren eskutik.
17:30-19:30, Museoko hainbat gunetan, aldi berean, dantza emanaldiak egoingo dituzte. Besteak beste, museoko klaustroan (barra pieza bat) eta elizan (zazpi pieza dantza klasikoa eta garaikidea tartekatuz). Donostiako Udaleko Musika eta Dantza Eskolaren eskutik.
Euria aldi baterako erakusketarako bisita gidatuak egongo dira doan. 11:30ean eta 17:30ean gazteleraz, eta 12:30ean eta 18:30ean euskaraz. Partaide kopuru mugatuak izango dituzte.
Museoak gune bat jarriko du San Telmok 2011ko berrirekieraren aurretik argitaratutako katalogo eta arte liburuekin, interesa duten orok horiek doan har ditzan.