Zaharren egoitzako langileak greban. (Argazkia: K. M.)
Hurrengo udalbatzan erakunde adierazpen bat aurkeztuko du; konponbidearen alde eta erreformaren inposaketaren aurka.
Zaharren egoitzen auziari dagokionez, udal gobernuak erantzukizunez jokatzeko deia egin die auzian inplikatutako aldeei, batik bat, pertsonei kasu egitea arriskuan izan ez dadin.
Azpimarratu dute, foru aldundiak hainbat egoitzetan aurre-akordioak lortzea ahalbidetu duen ekarpen garrantzitsua egin duen arren, oraindik badirela auzitan jarraitzen duten beste hainbat.
Gogoratu dute, udal gobernuak askotan exijitu duela lan erreformak dakartzan inposizioak kentzea. Esan dute, “badirudiela”, sektoreko patronalak erreforma hori aplikatzeari eutsi nahi diola. Hori dela eta, udal gobernuak dei egin du jarrera hori utzi eta “eskubideak inposiziorik gabe bermatuko dituen negoziazio eta akordio baten alde” egitera.
Udal gobernuak beraz, ez du ulertzen nola zenbait enpresak eta patronalek nahiago duen —nahiz eta diruaren afera konponduta egon— gatazkari eta inposizioari eutsi; “berek nahi dutena egiteko eta desegiteko, langileen kontra”.
Hori dela eta, Donostiako Udaleko Bildu taldeak erakunde adierazpen bat aurkeztuko du hurrengo udalbatzan, Gipuzkoako egoitzen eta eguneko zentroen hitzarmena negoziatzen ari diren patronalei nahiz sindikatuei exijitzeko lehenbailehen akordio batera iritsi daitezela, Gipuzkoako adineko pertsonei kasu egiten dieten zentroetan gatazkarik izan ez dadin.
Era berean, adierazpen horren bidez, hitzarmen hori negoziatzen ari diren patronalen arduradunei exijituko die alde batera utz dezatela Estatuko Gobernuak lan erreformaren bidez sartutako murrizketak eta erreformak inposatzea, alor honetako negoziazio kolektiboa zalantzan uzten dutenak.